GARA > Idatzia > Mundua

FARCen eta Armadaren arteko borrokek 31 hildako utzi dituzte, tartean 9 zibil

Indarkeria olde nabarmena izan da Kolonbian iragan asteburuan; Juan Manuel Santosek Alvaro Uriberen lekukoa hartzeko hilabete baino gutxiago falta denean, 30 hildako baino gehiago izan dira. Horien artean, FARCi bederatzi zibilen heriotza leporatzen diote.

GARA |

Juan Manuel Santos eskuindarrak Kolonbiako presidente kargua hartzeko hilabete baino gutxiago falta denean, Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren eta Armadaren arteko liskarrak gori-gorian daude. Joan den asteburuan, 31 lagun zendu dira horien ondorioz, eta tartean gerrillariak, soldaduak, poliziak eta zibilak zeuden.

FARCeko hamabi gerrillariren hilketa izan da jazoera guztien artean zabalduena. Igandean eman zuen ezagutzera Kolonbiako Armadak eta, zehaztu zutenez, kolpe latza izan da Guillermo Leon -Alfonso Cano ezizenez- FARCeko buruzagiarentzat, antza, hamabi gerrillariak haren segurtasun taldeko kideak zirelako.

Alvaro Uribe presidenteak Armada zoriondu zuen, «herrialdea bakera eta lasaitasunera itzultzeko egiten ari diren ahalegin izugarriagatik».

Bestetik, hamar soldadu hil eta beste lau zauritu ziren, Venezuelako mugatik hurbil Armadak FARCeko gerrillariekin izandako beste borroka batean.

Armadak, ohar baten bidez, aipatu gertaeren ondoren ere borrokak ordu luzeetan iraun zuela jakinarazi zuen.

Hildako zibilak

Larunbatean, bederatzi hilotz eta hamar zauritu inguru agertu ziren Kolonbiako inguru desberdinetan FARCek eginiko erasoetan, beti ere Armadak zabaldutako bertsio ofizialak aditzera eman zuenez.

Gertaera horietan larriena Suarezko herriaren inguruetan izan zen. Gerrillariek poliziaren patruila bati eraso zioten, lau hildako utzita: bi polizia eta beste bi zibil.

Ekintzotako beste batean, hiru soldadu hil eta beste bat zauritu zen FARCek minaz betea zuen zelai batean sartu eta gero, Araucako departamentuko Puerto Rondon herrian.

INGRID BETANCOURT

Kolonbiako presidentegai eta FARCen gatibu izandakoak Estatuaren aurkako salaketa jartzeko asmorik ez duela argitu zuen, eta hainbat gertakari azalduko dituela gaineratu, «kalte-ordainik dagokidan frogatzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo