GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Errepideko «azkarrak»

Autoeskoletan ez dago aproposko eskolarik. Seinaleak eta argiak gora eta behera bai, baina autoko gurpila zulatzean hura nola aldatzen den asmatzeko ere nahikoa komeria. Ez naiz ari, ordea, autoaren arlo mekanikoaren inguruan horrenbeste pagatutako ikastaroetan jasotzen den ezagutzaz, ez; gidatzean hartu beharreko jarreraz baizik.

Ez zegoen igandean errepidea horretarako, baina lan kontuak tarteko, kilometro mordoxka egin behar izan nituen. Astegunak ez dira errepideak konpontzeko egun aproposenak agintarien begietara, lanera doan jendea auto ilaretan harrapatuta geratzen delako eta, noski, diru kontuetan eragina duelako; baina eguraldi oneko igandeak ere ez, jai eguna izaki, jendeak hondartzarako bidea hartzen duelako eta etzanda egon beharrean autoan geldirik egoteak askori pazientzia galarazten diolako; pazientzia eta, dena esan behar da, lotsa apur bat ere bai.

Lehen geldialdia, abiatu eta berehala egin behar izan nuen, obrengatik, bi bideko errepidea bakarrera murriztuta zegoelako; bigarrena, bostehun metro eskasera, zer eta bizikleta zale bat lurrera erorita zegoelako. Bai, banan-banan eta den-denek geldialdia egiten zuten parean hura ikusteko, eta, noski, batak bestearen atzetik frenoari ematen badio, bada, ilara segurua. Kostata baina azkenean lortu nuen iritsi beharreko lekura iristea. Ez zegoen aparkalekua araututa, eta dena libre. Batak alde batera, besteak bestera, han bozina, besteak leihoa jaitsi eta oihua... Dena, zer eta kilometro erdi oinez ez egiteagatik.

Iluntzean, etxera bueltan, berriz ere ditxosozko berritze lanak zirela-eta, ilarak errepidean. Pazientzia apur bat gordetzen zutenak, txintxo, ilaran jarri eta pixkanaka-pixkanaka bidea egiten. Gainerakook, berriz, «bizkor-bizkor», kilometro pila eginagatik, handik eta hemendik zeharbideak bilatzen, aurreratu nahi gaituzten «superazkarrekin» borrokan eta, «azkar» asko dagoenez, herri barruan «bizkorren ilaran», are eta ernegatuago eta tonto aurpegiarekin gehienak.

Ez, autoeskolan ez digute irakasten autoan pazientzia izaten eta eskarmentua hartzen kosta egiten zaigu, gainera. Akaso, zenbat aldiz gertatu zaizue ilaran egon, zeharbidea hartu eta arazorik gabe etxera iristea? Norbaiti gertatu zaio?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo