GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Andoni Tolosa Goikoetxea Hernanin Zero Zabor taldearen izenean

Gezur-bonben azpian, ondo egiten jarraitu

Hernaniko emakume eta gizonoi gutun honen bidez animoak eman nahi dizkizuegu hondakinen kudeaketa dela-eta asteotan jasaten ari garen bonbardeoaren erdian.

Zubietan errauste planta eraiki eta herritarron hondakinetatik negozioa egiten segi nahi duten indarrak ofentsiba gogorrean ari dira. Alde batetik, San Markon «estatu kolpea» emanda errausketa segurtatu egin nahi dute, hurrengo hauteskundeen beldurrez agian. Bestetik, Zubietan lehenbiziko lanei ekin diete. Gainera, atez ateko bilketaren emaitzak eta sistema guztia gezurren erdian itsusitu nahi dute.

Penagarriaz gain, mingarria da ikustea Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariaren laguntzarekin gure politikari asko nola ari diren atez atekoaren kontrako gezurretan. Gure herria lehen baino zikinago dagoela, kaleetan kiratsa dagoela, zaborren %40tik gora herritik kanpora ateratzen dugula... Gezur bat mila bider esanda ez da egia bihurtzen, baina helburua hori dela dirudi.

Kritika politiko zorrotza osasungarria da. Baina atez ateko bilketaren inguruan herriko politiko batzuk zabaltzen ari diren gezurrak ez dira kritika: manipulazioa dira. Non ikusi da politiko bat bere herriaren izen ona zikintzen aritzea? Egoskorkeria galanta eta interes ekonomiko oso handiak egon behar dute atzean: 400 milioi eurotik zenbat espero dute kobratzea?

Hernaniko jendeok pauso galanta eman dugu atez ateko bilketarekin. Gure hondakinak lehen baino askoz hobeto kudeatzen ditugu, errauste planten beharrik gabe.

Ia mila familia ari dira beren organikoak autokonpostaz moldatzen. Europako herri aurreratuenen mailan jarri gara. Guzti horregatik, animo hernaniarrok.

Gezurrei, intoxikazioei eta manipulazioei erantzuteko modurik ederrena, ahalik eta hondakin gutxien sortu eta sortzen ditugun hondakinak txukun kudeatzea izan behar da. Uda honetan segi dezagun denok gure lanak txukun egiten, eta oporren ondoren saia gaitezen atez ateko Bilketa sistema hobetzen, Zero Zabor helburura ahalik eta gehien hurbiltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo