GARA > Idatzia > Euskal Herria

Birziklatze tasa 52 puntu igo da Oiartzunen, atez atekoari esker

Oiartzungo alkateak eta Sanmarko Mankomunitateko lehendakariak atez atekoari esker herrian lortutako emaitza bikainak ezagutzera eman dituzte. Gaikako bilketa sistema ezarri duten hiru herrietan bosgarren edukiontzia duten bederatzi herrietan baino ia lau aldiz hondakin organiko gehiago jasotzen dituzte, biztanle kopuru erdia izanik.

p014_f02_111x111.jpg

Nagore BELASTEGI |

2009ko ekainean zaborraren %30,7 birziklatzen zen Oiartzunen. Aurten, berriz, atez atekoari esker, %82,7ko birziklatze mailara iristea lortu dute. Gaikako bilketa 52 puntu igotzeaz gain, oso kalitate oneko materiala lortzen dute.

Sanmarko Mankomunitateko jarduneko lehendakari Imanol Azpirozek eta Oiartzungo alkate Aitor Etxeberriak Oiartzunen hiru hilabetetan atez ateko bilketa sistemarekin lortutako emaitzak ezagutarazi zituzten. Etxeberriak esan zuenez, atez atekoa herrian ezarri zenetik birziklapen- eta garbitasun-mailak gora egin du aurreikuspenak gaindituz. Asteek aurrera egin ahala datuak egonkortu egin dira eta hobera egin dute. Gaur egun, materia organikoaren ia %100 jasotzea lortzen dute, bilketa gaika egiten delako.

2009ko ekainean konposta etxean egiten zutenek 8.844 kilo lortu zituzten. Aurten konpostagailuak dituzten familia gehiago daudenez, 33.704 kilo organiko konpostatu dituzte etxean. Gaur egun, 600 etxetan daude konposta-kaxak, baina beste 100 familia daude ikastaroa egin eta konpostagailua jasotzeko zain. Etxeberriaren hitzetan, Oiartzunen, Usurbilen eta Hernanin lortutako datuek bosgarren edukiontziaren eraginkortasuna zalantzan jartzen dute. Atez atekoa duten hiru herriek hilean 252 tona organiko biltzen dituzte; bosgarren edukiontzia duten bederatzi herriek, ostera, 75 tona jasotzen dituzte.

Lehen zakar poltsa berean errefusa, organikoak eta bestelako hondakinak botatzen ziren. Orain, organikoa gaika biltzen denez eta bestelako hondakinak, hots, obra-hondakinak, animalia hilak edo etxe-tresna elektrikoak eta abar garbigunean biltzen direnez, errefus kopurua asko jaistea lortu dute Oiartzunen. 2009ko ekainean 253 tona errefus jaso zituzten, aurten, berriz, 27 besterik ez. Alkateak esan zuenez, Talaian jarri duten garbiguneak espero baino harrera hobea izan du.

Aldundiak atez atekoaren aurka erabiltzen duen argudioetako bat ekonomikoa da, garestia dela alegia. Aitor Etxeberriak gaikako bilketa ematen duen lanagatik garestiagoa dela egia dela onartu zuen, baina tratamendu-kostuak asko gutxitzen direla. Errefusa tona bat tratatzeak 126 euroko kostua du, beraz, tona kopuru hori gutxituz gero, udalek dirua aurrezten dute.

Bilketa sistemarik onena

Atez atekoaren aurka daudenek jendea zaborra botatzera ondoko herrietara joaten dela diote. Aitor Etxeberriaren esanetan, «zaborraren turismoa» fikzioa besterik ez da. Beraiek inguruko herrietan ea zabor kopurua handitu zaien nabaritu duten galdetu dute eta erantzuna ezezkoa izan da.

Imanol Azpirozek ziurtatu zuen atez atekoak lortzen dituen datuak berdintzen dituen beste sistemarik ez dagoela. Herritarrek hasieran mesfidantza agertzen dutela azaldu zuen, baina ingurumena zaintzeko garrantzitsua dela azaldu ondoren ulertu egiten dutela eta sailkapena ondo egiten ahalegintzen direla, azkenean hain zaila ez dela ohartzen direlako.

Oiartzungo alkateak eskerrak eman zizkien herritarrei, aldaketa txiki batek onura handia ekarri baitio herriari, eta zoriondu egin zituen harro egoteko modukoa delako.

Etxeberriaren esanetan, atez atekoak errausketa plantak Gipuzkoan tokirik ez duela erakutsi du eta laster hori erakutsiko dute Debagoieneko herriek ere. Alkateak bere laguntza eta animoa eskaini zien gainerako udalerriei.

«Mankomunitateak ez du ulertzen Gipuzkoako Aldundiak zergatik ez duen atez atekoa bultzatzen, bosgarren edukiontziari diru laguntzak ematen badizkio», esan zuen Azpirozek. «Atez atekoarekin Gipuzkoa Europa mailan birziklapenaren gailurrean kokatuko litzateke, estatu mailako datuekin konparatuta, inon lortu ez diren emaitzak lortu direlako. Horregatik, Diputazioari sistema hau zabaltzeko laguntza eskaini nahi dio Sanmarkok, bi urtetan hondakinen arazoa ia konponduko litzakeelako».

Aurrezpena

Atez atekoari esker, Oiartzunek 28.476 euro aurreztuko ditu hilero hondakinen tratamenduan, errefus gutxiago sortzen duelako. Urte amaierarako 341.712 euro izango ditu aurreztuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo