GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kantuz eta jostetan, helduak ostatuan eta haurrak karrikan

Milaka haur batu ziren atzo Baionan. Eguna beraiei eskainia zela-eta, goizean goiz hurbildu ziren txokolatea hartzera Baiona Handira, zezen lasterketara Baiona Ttipira eta bazkaltzera Poterne plazara. Leon erregearen esnatzea ikusgarria izan zen oso. Herriko plaza oso-osorik hartua zutela, irri eta oihu artean eman zioten ongietorria festari. Kantu giroa nagusitu zen, bestetik, karriketan.

fetes_bayonne22.jpg

Ainize BUTRON

Haurrek beren besta propioaz gozatzeko aukera izan zuten atzo Baionan. Helduek bezperako gauean izan zuten ate irekitze ofiziala errepikatu zen atzo eguerdian, baina oraingoan neurri txikiko festazaleak ziren nagusi Herriko Etxeko plazan. Guztiek jaia preziatu nahian, Leon erregeari dei egin zioten burua udaletxeko balkoian ager zezan. Aitzitik, ez zen hori izan haurrei festarako gogoa pizteko ekitaldi bakarra.

Goizeko txokolate-janaren ondotik, egitarau aberatsa izan zuten, eta ekitaldi guztien artean Entzierro Txikia nabarmendu zen. Baionako jaietako tradizio bihurtua, egur eta kartoizko bost zezen herriko karriketan barna udaletxeraino iritsi ziren haurren oihu eta irri artean. Poterne plazan apairua eta jokoak izan zituzten korrikaldiaren ondotik indarberritzeko. Hala, umeek okupatu zituzten karrikak gauera arte. Arratsean ere gurasoek lagundurik ikusten ahal ziren oraindik asko etxera joateko gogo handirik gabe. Umeekin batera, euskarak ere agerpena egin zuen jaien ekitaldi ofizialean. Poterne guneko bazkarian giro elebiduna izan zen. Euskara bere tokia hartzen hasi bada ere, Herriko Etxeko balkoiko esatariak frantses hutsean aritu ziren. «Ea ondoko urtean gehiago hedatzen dugun», entzun ahal izan zen horien ahoetan. Herriko Etxea oraindik ere hizkuntzaren hedapenean ahalegin murritza egiten badu ere, atzo karriketan herritarrek jarri zuten euskal giroa, euskal kantuak tarteko. Ostatuz ostatu, abesbatzan antolatuak, musika tresnak lagun zituztela, gaua ilundu arte aritu ziren kantuz.

Gazteszena

Mail Chaho Pelletier plaza gazteek eta dantza giroak bete dute, asteazkenaz geroztik bertan kokatua dagoen Gazteszenari esker. Lekuko eta Iruñeko musika talde gazteak arituko dira gauero igandera arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo