GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Mezularia jomugan

Eta NBE oraindik premiazko bilerarik deitu gabe. Susmatzen, sumatzen genuen, bagenekien Afganistan inbaditu zuen koalizioak onartutakoak baino askoz gehiegikeria gehiago egin dituela lurralde hartan, besteak beste, zibilen kontrako sarraskiak. Baina hedabideek errealitate horren berri eman gabe, gure buruan -eta hainbat dohakaberen gorputz eta gorpuetan- baino ez ziren gertatzen. Orain badaude frogak, baina NBEk ez du bilerarik deitu, inork ez ditu Nazioarteko Zigor Auzitegian salatu munduko erakunde terroristarik beldurgarrieneko (NATO) arduradunak eta horiek zerbitzatzen dituzten gaizkile bihozgabeak.

Duela zenbait urte, munduan beste askok legez, nabarmenkeria bat idatzi nuen egunkari batean, Euskal Herria gerran zegoela alegia (hego euskal herritarrak bi gerratan sartuta, artean espainiar soldaduak Iraken ziren eta). Eta, hemen nabaritzen ez dugun arren, Afganistanen ez bezala, eguneroko triskantzarik ikusten ez badugu ere, oraindik gerran gaude, eta gure izenean herrialde bat inbaditzeaz gain, 90.000 dokumentutan doi-doi sartzen diren basakerien erantzule dira «demokraziaren koalizio» horretako kideak, frantziar eta espainiar gobernuak barne. Hori bai, «gure» soldaduak NBEren oniritziarekin joan ziren afganiarrei «laguntzera», NATOren ISAF delako misioak (Segurtasuna Bermatzeko Nazioarteko Indarra) dioenez.

Afganistanen ezin konta ahala «alboko kalte» gertatu dira eta horiek guztiek, uholdeak edo lurrikarak balira bezala, benetan tristatzen dute Mendebalde bihozbera hau. Baina horiek baino askoz kezkagarriagoa da gerraren bilakaera. Izan ere, Afganistango gerra ez doa oso ondo, hau da, oso gaizki doa bai arlo militarrean bai politikoan (arlo etikoa telebistako kaka koloreko programa arrosetan bahituta daukate; beraz, gu gerturatu ere ez gara egingo). Hala ere, okerren-okerrena, lehendik ere bagenekien hori -90.000 agiritan kabitzen ez den doilorkeria hori guztia eta gerraren bilakaera okerra- argitaratu izana da. Eta horren eta, beraz, guztiaren erruduna Wikileaks web orria da. Munduko kazetaritza zintzoen alde lerratuta zegoela zirudienean, zenbait ardi beltz gaiztoen alde agertu dira. Bada garaia zezenari adarretatik heldu (Katalunian aurrerantzean ez dute erraz izango, ordea) eta gauzak, kazetariak barne, beren lekuan jartzeko. NBEren oniritziarekin, jakina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo