GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

EiTBren nazioarteko katea AEBetara iritsiko da denbora gutxi barru

GARA | DONOSTIA

EITBren nazioarteko katea AEBetako Idaho, Nevada eta Kalifornia estatuetara denbora gutxi barru iritsiko dela azaldu zuen Patxi Lopez lehendakariak lehengo ostiralean AEBetan, horiek baitira euskaldun gehien biltzen dituzten estatuak.

Iragarpena AEBetako Boise hiriko Grove de Boise hotelean Lakuako Gobernuak egindako harrera ofizialean egin zuen Lopezek. Harrera hori Boise hirian eta Idaho estatu osoan bizi diren euskaldunei eta beraien ondorengoei egin zitzaien. Bertara hurbildu zirenen artean, ordea, beste toki anitzetako euskaldunak ere baziren; izan ere, egunotan Jaialdi izeneko festa ezaguna ospatzen ari dira Boisen.

Euskal Telebista AEBetara eramateko lortutako akordioaren inguruan, honakoa esan zuen Lopezek: «Euskadiko errealitatea munduan zehar zabaltzeko apustuaren ondorioz sortutako aukera da. Zalantzarik gabe, lorpen historikoa da».

Euskal amerikarrek bi kultura eta nortasun uztartuta bizitzeko duten gaitasuna goraipatu zuen Lakuako lehendakariak, euskalduna eta estatubatuarra hain zuzen ere. «Munduko toki ezberdinetatik argitzen gaituen sugarra urrunetik bizirik mantentzeko esfortzua egiten duten horiekin zorretan gaude», azpimarratu zuen Lopezek.

«Euskara, Euskadiko albisteak, festak, ekintza kulturalak eta bertako bizitza, hemen izango dira, baita beste hainbat lekutan ere», esan zuen. Euskaldun guztien artean dagoen «lotura» bizirik mantentzea lortu nahi dutela azaldu zuen Lakuako ordezkari moduan bidaiatu zuen lehendakariak, «herritartasuna, hitz egiten dituzten hizkuntzak edo jaio eta bizi diren tokiak alde batera utziaz beti ere», azpimarratu zuen.

Gaur egun, EiTBren nazioarteko telebista katea AEBetako ekialdeko itsasaldean ikustea posible da, baina ez ordea herrialdearen mendebaldekoan. Eta alde horretan bizi dira, hain zuzen ere, AEBetan dauden euskaldun gehienak.

EiTB lantzen ari den hitzarmenari esker, Mexikoko zonalde batzuetara iristeko aukera ere izango du euskal kateak. ETBSat katea ez da oraingoz bertara iristen.

Lakuako Gobernuak nabarmendu zuenez, urte honen amaiera iritsi baino lehenago dena prest egotea espero dute, baita data hori iristerako seinalea modu erabilgarrian edukitzea ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo