GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Musika hamabostaldia

Hamabostaldiak musikaz bete du Done Jakueren biderik zaharrena

Donostiako Musika Hamabostaldiak, Done Jakueren Urtea dela eta, Askizutik Elorriagarako ibilaldi bat antolatu zuen, Musika Aitzakia zikloaren barruan. Ibilbidean zehar, geldialdiak egin, eta natura betean musika emanaldiak eskaini zituzten zenbait taldek: Urte Santua eta Hamabostaldia gozatzeko beste modu bat.

p006_f01_250x157.jpg

Maddalen LARRINAGA

Getariako Askizu auzoko ermitan ekin zioten bideari. Familiak, gazteak, erretiratuak, taldeak, bikoteak... Mota eta adin guztietako jendea elkartu zen plaza txiki hartan, Done Jakueren biderik zaharreneko zati bat, Kostaldeko Bidearen zati bat, burutzeko asmoz.

Aurten lehen aldiz antolatutako ekimena da musika ibilaldia. Behin baino gehiagotan nabarmendu izan dute Musika Hamabostaldiko kideek aurtengo edizioan inoiz baino Hamabostaldi ibiltariagoa antolatu dutela, eta atzoko erromeria ikusita, bistan da horretan arrazoia dutela. Izan ere, zazpi bat kilometroko txangoa prestatu zuten, goizeko hamarretatik eguerdiko ordu batera arte irauteko modukoa, eta bidean zehar pare bat geldialdi egin zituzten, musika emanaldiak entzuteko. Hamabostaldiak autobus-zerbitzua ere jarri zuen, Donostiako Gipuzkoako plazatik abiatu zena 9.15ean, 8 euroan. Azkenean, berrehun lagun inguruk parte hartu zuen ekimenean.

Mendixka baten gorenean dagoen auzo txiki bat da Askizu, nahiz eta herri itxura duen. Hori dela eta, ez zen batere erraza izan lau autobusak bertara sartu eta aparkatzea. Bertako ermitak, halakoetan ohikoa izaten den bezala, herriko plaza baten papera jokatzen du, eta huraxe izan zen erromeria bitxi honen abiapuntua. Autobusak iristerako, zortzi txistulari zeuden haien zain, Getariako Gazte Alaiak txistulari taldeko kideak alegia. Bost bat abesti interpretatu zituzten txistu eta danbolinarekin, horien artean fandango bat, arin-arin bat eta bi kalejira. Baina, usteak erdiak ustelak direnez, jendea ez zen geldirik egon txistuen doinua entzuten, bi emakume fandangoa dantzatzen hasi baitziren, eta berehala beste hamar bat lagun gehitu zitzaizkien, biribil bat osatuz. Bitxiena, agian, hamabi lagun horietatik gizonezkoa bakar bat izan zela. Arin-arina ere dantzatu zuten eta irrintziren bat ere entzun zen; autobus eta auto artean herriko festak balira bezala aritu ziren dantzan eta kalejiran. Egunari hasiera bikaina eman zioten.

Musika protagonista

Jende multzoak txistularien atzetik hasi zuen ibilbidea eta mendi martxa baten itxura hartu zuen. Mendiko botak, motxilak, kantinplorak, eguzkitako krema, argazki kamerak, bastoiak... Denetariko materiala zeramaten gainean bidea errazagoa egiteko eta ahalik eta gehien gozatzeko.

Ibilbide osoa zazpi kilometro ingurukoa zen, eta bidearen erdialdean zirela, Zumaiako Zuloaga museoan egin zuten lehen geldialdia. Bertan, Zumaiako Beheko Plaza abesbatzaren emanaldia entzuteko aukera izan zuten erromesek.

Geraldi labur horren ondoren, bideari berriz ekin eta maldan gora ibili ziren Arritokieta ermitara iritsi arte. «Zuloagatik gora egin dugun igoera hori oso polita eta oso interesgarria iruditu zait, gehien gustatu zaidan zatia izan da hori», nabarmendu zuen erromes batek ibilaldia amaitzean. Ermita horren atarian haizezko instrumentuez osatutako seikote bat aritu zen musika jotzen bertakoen gozamenerako. Antolatuak ziren emanaldien artean, horrexek jaso zituen oniritzi gehien. «Gehien gustatu zaizkidanak Zumaiako abesbatza eta haizezko seikotea izan dira», zioen ibilaldian parte hartu zuen donostiar batek. Ilobarekin joan zela azaldu zuen, nahiz eta, hasieran, beretzako baino ez zuen eskatu autobusean tokia gordetzeko. «Ilobak, hamalau urte edukita, ezetz esango zuela uste nuen nik, baina azkenean nirekin etorri da eta ni laguntzen ibili da bidean zehar», kontatu zuen Elorriaga auzora iritsi zenean.

Galizia Euskal Herrian

Ibilaldiaren helmuga Deba herriko Elorriaga auzoa izan zen, bertan dagoen Galarretako askaldegian. Mendiz inguraturiko paisaia hartan, Galiziako Etxeko gaitariak atera zitzaizkien bidera, Urte Santuaren ospakizun berezi honetan. Galiziako lau gaitek eta dunbal batek osatzen zuten taldea, eta ibiltariek, topagunerantz zihoazela, musikariak agertu aurretik, urrutitik entzuten zituzten haien soinu bereziak. Arropa tradizionalekin jantzita, Galiziako zati txiki bat ekarri zuten Euskal Herriko txoko hartara.

Gaita-jotzaileak mendian behera zetozela, jendea ere beraiekin batera autobusak zeuden tokirantz abiatu zen, baina tartean, hamaiketakoa egiteko geldialditxoa derrigorrezkoa bihurtu zen. Bertan kokatu zuten postu txiki batean, sagardoa, ura eta ogitartekoak erosi, eta itzaletan, askaldegiko mahaietan eseri ziren lasai erromesak.

Nekatuta, izerditan baina denak irribarretsu, bideaz gozatu zuten. Beraiez gain, Elorriaga bertako bizilagunak ere azken txanpan taldera batu ziren Hamabostaldiaz gozatzeko aukera ezohiko honetan. «Bidea oso ezaguna dut, egunero ibiltzen naiz hemendik, baina oso polita da egin dutena», zioen Elorriagako bizilagun batek. «Batzuetan jende gehiegi etortzen da eta ez da oso erosoa izaten, toki pribilegiatu batean bizi gara eta intimitate gehiago eskatzen dugu askotan; baina oso ideia ona iruditzen zait, hau guztia bultzatzen dute halakoek», azaldu zuen.

Erromesak taldeka, bikoteka edo familia artean ibili ziren. Parte-hartzaile izan zen emakume talde batek ere bidea ezaguna zuen jadanik, baina «geografia ikasteko» ere balio zuela azaldu zuen batek. Izan ere, askotan, nahiz eta bertakoak izan, herrien arteko mugak ez dira oso argi ikasten, baina bertara hurbiltzean toki bakoitzaren kokaleku zehatza ikastea errazagoa zela adierazi zuen batek. «Bidaiatuz ikasten da, ez eskolan» uste zuen beste batek.

Egindako bidea, orokorrean ez zitzaien oso gogorra egin. «Ez zait oso gogorra egin, luzeagoa izatea espero nuen», zioen añorgatar batek. Beste batek mendizalea zela azaldu zuen, eta hori dela-eta, bidea oso erraza egin zitzaiola aitortu, baina harrituta, gainerakoen prestakuntza falta sumatu zuela ere gaineratu zuen. Hala ere, kontuan hartzekoa da haurrak, agureak eta adin eta mota guztietako jendea elkartu zela ekimenean, eta bakoitzak bere erritmoan egin zuela bidea. Baina benetan harritzekoa dena, honakoa: berrehun pertsona izanik, guztiek batera egin zutela bidearen zati handi bat da, helmugara denak talde handi baten antzera iritsi zirela, hain zuzen.

Emakume artean dantzan ibili eta ilobarekin joan zen gizon hark ordea, nahiz eta ibilaldia ez zela gogorra izan esan, «kirol egitea» zela onartu zuen, «ez da gogorra, baina kirola da» zioen muxugorri zebilela. «Ni azkena iritsi naiz, baina iritsi naiz», zioen harro. «Bakoitza bere erritmoan, eta ibilaldiaz gozatu», hori da hark defendatzen zuen ideia, ez baitzen lasterka egiteko bidea izan. Gainera, «kanpotarrentzat eta ingurua ezagutzen ez duten bertokoentzat oso interesgarria eta positiboa» iruditu zitzaion txangoa, errepikatzeko modukoa, alegia. «Euskal Herria munduan dagoen paradisuetako bat da, hortaz ere gozatu behar dugu», azaldu zuen.

Orokorrean, erromeria hau deskribatzeko hitz bakarra erabili zuten: zoragarria. Guztiak pozik agertu ziren, eta gehiagotan egiteko moduko ekintza zela ere esan zuten. Giro aparta izan zutela azaldu zuten, eguraldiak ere polito lagundu baitzuen. Musikaz gozatzeko eta lagunak egiteko beste modu bat izan zen atzokoa.

Parte-hartzaile askok azaldu zuten Hamabostaldiak antolatzen dituen ekintzetara hurbiltzen direla, beraz ez da harritzekoa ibilaldiak izan zuen arrakasta. Hala ere, datorren urteko Musika Hamabostaldiaren programan islatuko da ibilbide musikatu honek izan duen arrakasta eta jarraipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo