GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan I kronika

Kainoikadaren oihartzuna Donostiako txoko orotara iritsiko da aste honetan

Kantuan hasi zuten Donostiako Aste Nagusia. Halere, aurretik, musika belarrietan eta izozkia eskuan, adin guztietako jendeak bete zituen erdiguneko kale nagusiak.

p020_f02_133x137.jpg

Nagore BELASTEGI I

Arratsaldeko seiak inguruan Donostiako Alde Zaharra jendez beteta zegoen, hiriko hainbat gunetan hastear ziren ekitaldiez gozatzeko prest. Trinitate plaza inguruan zegoen jende multzo handiena, askok eskuan argazki- edo bideo-kamera zutela, urrunean danbor hotsak entzuten ziren bitartean.

Jende artean tokitxo bat egitea zaila bazen ere, nahi zuenak muturra sar zezakeen Gastronomiaren Euskal Kofradiako konpainiaren danborrada ikusteko. Los Pasai txarangarekin batera ibili ziren Alde Zaharreko kaleetan zehar udaletxera bidean.

Trinitate plazako barneko gunean sartzerik ez zegoen, gaueko kontzertuak prestatzen ari baitziren. Ume argi batek amari esan zion: «Hor Bebe dago!» eta hesi azpitik begiratzen saiatu bazen ere, ez zuen ezer ikusi. Izan ere, atzo gaueko kontzertuek eman zioten hasiera Donostiako Piraten egitarauari.

Plaza inguruko paretak, baita Alde Zaharreko beste hainbat kaletakoak ere, ohiko pankartez eta kartelez josita zeuden, nahiz eta goizean Ertzaintza kalerik kale ibili zen aurretik jarritakoak kentzen. 8.00ak aldera, hormak apaintzen zituzten lelo ugarietako pankarta, kartel eta pintada guztiak kendu zituzten, batez ere Ikatz kalean, jaiei begira bertakoek esateko dutena ezkutatu nahian. Hala ere, jaiak hasterako batean eta bestean zeuden Bilgune Feministaren, independentziaren eta presoen aldeko aldarrikapenak zituzten adierazpenak, baita denda txikietan ere; horietan txapelak, kamisetak eta edalontziak salgai zituzten.

Musika nondik zetorren jakin nahiak Konstituzio plazara zeraman jendea, bertan txistulariak ari baitziren. Plaza huts samar bazegoen ere, gerturatu zen jendeak estimatu zituen txistularien euskal doinuak. Atzerritar ugari ere baziren argazkiak atera eta atera. Bertokoak, berriz, haur eta heldu, saltoka hasi ziren «Maritxu» entzutean.

Kalean taldean edatea debekatuta badago ere, baziren araua hautsi eta, ingelesez oihuka eta litroko garagardo botila eskuan, kalean zurrutean zebiltzan atzerritarrak. Tabernetan ez zegoen giro handirik, jende gehiena izozki dendetan baitzegoen merienda gozoa lortzeko borrokan. Jendez gainezka egoten diren Bulebarreko izozki-dendetako baten aurrean mutiko talde bat zegoen botea jartzen; ez, ordea, izozkiak erosteko. «Zuk zaharragoa dirudizu, joan zaitez zu», esan zion batek ondoko lagunari, pareko taberna seinalatuz. Atzerritarrak bezala, garagardo egarri ziren, antza.

Arratsaldeko zazpietarako minutu gutxi batzuk falta ziren jada. Eguzkiak itsututa, zaila zen udaletxerantz begiratzea, baina nabaria zen jaiak hastear zeudela, balkoian gero eta jende gehiago ageri baitzen. Urtero kanoikadara joaten diren neska batzuek arretaz begiratu zuten balkoira, ea nor zegoen ikusteko eta inguruko inork antzeman ez zuen zerbait sumatu zuten: «Begira, beltzez jantzita dagoen mutila Pepon Nieto da, eta eguzkitako betaurrekoak dituena Anabel Alonso». Hara! Eguzkia aurrez aurre izanda ere, aktoreak ikusteko gai izan ziren neskak.

Bat-batean neska txiki bat negarrez hasi zen buruhandiak etortzen ikusi zituenean. Baina betiko buruhandi eta erraldoiak izan beharrean, aurpegi xelebredun erraldoi bitxiak gerturatzen hasi ziren udaletxearen pare-parean kokatu arte. Egiako Porrotxo jaien aldeko kideak ziren, euren jaiak nola edo hala ospatuko dituztela adierazteko gerturatu ziren jai gunera, aurten jaiek 30. urteurrena dutelako.

Argazki-kamera potentez hornituta, egun osoa hondartzan ematearen ondorioz azala erreta zuten frantses batzuek «oh la la!» zioten etengabe, orain bai, Donostiako betiko buruhandi eta erraldoiak ikusi zituztenean. Haur batzuk pozik zirikatzen zituzten iñudeek. Kaldereroa, kantinera edota arlekina atzetik joka joaten zirenean korrika ezkutatzen ziren gurasoen atzean.

Batek baino gehiagok kolpe ederrak hartu zituen, buruhandiak zirikatu gabe ere ederki astintzeko gai dira eta. Hala, haur txikienak garrasi batean eta negarrez hasi ziren. Gurasoek lanak zituzten haiek lasaitzen.

Aurretik hirian zehar ibilitako taldeak pixkanaka udaletxera gerturatzen joan ziren, eta Gastronomiaren Euskal Kofradiako konpainia kanoira gerturatzen joan zen. Haurrak pozik zeuden zortzi eguneko jaia hastear zegoelako, baina asko kainoikadaren beldur ere baziren, eskuak belarrietan jarrita. Nahiz eta kanoi hotsak ez entzuteko izan, bazirudien jendeak gaizki abesten zuelako estaltzen zituztela belarriak.

Kainoikada garaiz iritsi zen

Aurten «Artillero» Edurne Pasaban alpinistak abestu behar zuen, baina arazo pertsonalengatik ezin izan zuen Donostiara joan, eta bere ordez bost zinemagile gipuzkoarrek kantatu zuten jaiei hasiera eman zien abestia.

Hain zuzen ere, Borja Kobeaga, Pablo Malo, Jon Garaño, Ione Hernandez eta Mari Goenaga zinemagileek izan zuten mikrofonoa hartuta kantatzeko ohorea, Musikalis abesbatza lagun zutela. Haiekin batera, udaletxe aurrean zegoen jendetza ere kantuan hasi zen. Haurrak izan ziren, beste behin ere, gogotsuen aritu zirenak, «Artillero dale fuego» hirugarren aldiz abestean kantatzen jarraitu zuten bakarrak izan ziren eta.

Amaitutakoan, zazpietan puntu-puntuan, Luis Mokoroa artillero nagusiak, kainoiaren metxa piztu zuen eta, hala, jaiak ofizialki hasi ziren. Eztandaren ondoren, jendea girotuta zegoen, ustekabean harrapatutako umeren bat izan ezik. «Oh, la, la!» gehiago entzun ziren; batzuk eztandak sortutako soinuaz kexaka, beste batzuk hartutako sustoagatik barrezka.

Jendea mugitzen hasi zen Bulebarrerantz ihes egin nahian, baina ezinezkoa zenez, udaletxera begira gelditu ziren asko, Realaren igoera ospatzeko bigarren kanoikada bat botako ote zuten zain. Baina horren ordez, gastronomia Kofradiakoek hiruzpalau tiro bota zituen, eta neska multzo baten garrasiak eraginez. Ahal izan zutenean, jaiak hasi aurretik hirian zehar ibilitako taldeak suspertzen joan ziren, berriro txoko guztietara musika eramateko helburuz.

Udaletxe paretik alde egitea berez zaila bazen, are zailagoa zen Gertrudis taldea Bulebarrean jotzen hasi zenean. Talde honek kataluniar rumba, reggae, cumbia eta latindar doinuekin nahasten du, eta dantzatzeko oso aproposak diren soinu oso bereziak sortzen ditu. Bakarren batzuk urrunean dantzatzen aritu ziren ingurukoak begira zituzten bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo