GARA > Idatzia > Mundua

Indo ibaiak milaka pakistandar gehiago utzi ditu etxebizitzarik gabe

«Tsunami baten txikizioa, baina kamera geldo-geldoan ikusita». Honela deskribatu dute Pakistango hondamendi ikaragarria. Atzo bertan milaka lagunek beren etxeak utzi eta ihes egin beharra izan zuten. Dagoeneko sei milioi lagun geratu dira etxebizitzarik gabe.

p031_f02_148x108.jpg

DPA-AFP |

Pakistango agintariek ebakuazio gehiago agindu dituzte, uholdeak herrialdeko hegoaldeko makina bat herritara hedatzeko arriskua oso handia baita. Leku batzuetan atzera egin du urak, baina montzoiek ekarritako euriak eraginda, asko hazi da Indo ibaia eta hegoaldean dagoen Sindh probintziako leku askotan atera egin da bere bidetik.

Horregatik, uholdeek kaltetutako pakistandarren kopuruak gora egiten du etengabe. Datu ofizialen arabera, sei milioi herritar etxerik gabe geratu dira, eta azken hamabost egunotan era batera edo bestera kaltetutako pakistandarren kopurua hamabost milioitik gorakoa da une honetan. Eta gehiago bihurtzeko joerari eusten dio.

Agintariek egin dituzten kalkuluen arabera, azken orduetan 100.000 pertsona inguruk ihes egin dute uholdeek mehatxatutako herrietatik. Autoak, kamioiak, furgonetak... edozein ibilgailu da egoki leku segururen batera iristeko. Beste batzuek oinez joan beharra izan dute, bizkarrean ahal zutena hartuta. Yasin Shar Shahdadkoteko udal ordezkariak jakinarazi du bere hiriko herritar gehienak, %90 inguru, leku seguruetara eraman dituztela: «Gizonezko batzuk beren etxeetan geratu dira, ondarea babestu nahian. Orain horiek nola atera pentsatzen ari gara», esplikatu dio DPA agentziari.

Agintariak kalteak gutxitzeko ahaleginean ari dira. Aditu batzuek aurreikusi dute, halere, egun gutxi batzuetan suntsitutako etxebizitza guztiak berriz eraikitzeko urte asko beharko direla. «Hemen egin beharreko lana izugarria da, suntsiketa bera ere ikaragarria izan da-eta. Diru eta denbora asko beharko da guztia berreraikitzeko. Nik esango nuke politikariak oraindik ez direla jabetu hondamendi honen larritasunaz», adierazi dio France Presseri A. B. Shahid ekonomialariak.

Shahidek egin dituen kalkuluen arabera, 3.000 milioi dolar beharko dira etxeak eta etxolak berreraikitzeko, eta 7.000 milioi inguru azpiegiturak konpontzeko; errepideak, zubiak eta kanalak berriz egiteko kasu askotan.

Gainera, uholdeak iritsi baino lehen ere Pakistango leku askotan Estatuak ia ez zuen presentziarik, eta presentzia zuen bazterretan, urak gauza guztiak txikitu ditu, dokumentu guztiak barne. Horrek, jakina, berreraikuntza lanak gehiago motelduko ditu, batez ere kontuan hartzen badugu ustelkeria dela Pakistango betiko ezaugarria.

500 milioi

Datu ofizialen arabera, nazioarteak dagoeneko 500 milioi dolar eman dizkio Pakistani, baina dirutza hori oso gutxi izango da herrialdeak jasan duen txikizioari buelta eman eta egoera bere onera ekartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo