GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Kañamaresek bere sasoi puntua agerian utzi du

p038_f02.jpg

J.L.

Kañamares III.ak sasoi puntu bikainean dagoela erakutsi zuen herenegun Gorritin jokatu zen Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketan. Aroztegikoak orain dela bi aste Euskal Herriko Hirugarren Mailako kanporaketa bereganatu zuen.

Hamar aizkolari lehiatu ziren, eta horietako bost onenek bakarrik zuten finalean izateko aukera. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako enbor bat moztu behar zituen.

Hamar horien artean maila nagusian ibilitako batzuk baziren, eta baita behetik gora indarrean datozen gazteak ere. Azkenean gazte horietako bat, Julen Kañamares, izan zen onena. Lan ona egin zuen, eta 7 minutu eta 44 segundotan amaitu zituen bere lanak.

Kañamaresekin batera, Senosiain II.a, Saralegi, Erdozia eta Xabier Mindegia sailkatu ziren finalerako. Lehia handia izan zen beraien artean, oso tarte txikiak izan baitziren lehenengo seien artean; 35 segundoko tarte txikia izan zen aipaturiko horien artean.

Hala ere, itxura onena Kañamaresek eman zuen. Aroztegikoa ongi hasi zen lanean, eta amaitu ere horrelaxe egin zuen. Horrenbestez, txapela janzteko faborito nagusietako bat bihurtu da, nahiz eta lan handiagoa izango duten finalean eta horrek gauzak dezente aldatuko dituen. Horrekin batera, Aian, Euskal Herriko Hirugarren Mailako kanporaketan lortutakoa ez zela kasualitatea izan argi eta garbi utzi nahi izan zuen.

Herriz Herri

Nafarroako Herriz Herri Txapelketa amaitzeko jardunaldi bakarra geratzen da. Joan den asteburuan jokatu dira bi proba konbinatuetako saioak. Lehenengoan, Bera izan zen nagusi. 19.30 izan zen egin zuten denbora. Atzetik Ultzama sailkatu zen, 20.25ko denbora eginda. Hirugarren, Berriozar izan zen, 20.26 izan zen beraien denbora eta azkena, berriz, Basaburua, 20.53 eginda. Azkeneko talde hau geratuko da finaletik kanpo.

Bigarren konbinatuan, Basaburua gailendu zen 4 puntu batuta, eta atzetik berdinduta geratu ziren Bera eta Berriozar, 2,5 punturekin. Azken postuan amaitu zuen Ultzamak puntu batekin. Ligaxka jokatzen ari direnez, talde guztiak arituko dira azkeneko jardunaldian.

Bestetik, Fernando Etxegaraik lortu zuen Nafarroako lokotx-biltzeko txapela. 6.12ko denbora egin zuten. Taldekako zaku-lasterketan, berriz, Berriozar B izan zen onena. Garaileek minutu bat eta 38 segundotan burutu zituzten lan guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo