GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura M¡INTEGI Idazlea

Hitza lehergaia da Temucon

Atzo hasi zen Asel Luzarragaren aurkako epaiketa Temucon, Txilen. Hasierako salaketatik (ekintza terroristak egitea) ondorengora (lehergailuak edukitzea), fiskalaren eskaera jaitsi egin da baina, hala ere 15 urteko kartzelaldia betearazi nahi dio Fiskaltzak. Ez da txantxetakoa.

Iazko Gabon Zaharrean atxiloturik eta otsailera arte kartzelatua, ordutik etxeko atxiloaldia betetzen ari da Temucon. Uztailetik zortzi orduz atera ahal izaten da etxetik, baina atxiloaldia indarrean dago oraindio.

Zer leporatzen diote? Zer egin du Aselek? Honezkero inork ez du zalantzarik berak ez zituela burutu ekintza horiek, lehenik eta behin Txiletik kanpo zegoelako, pasaporteak frogatu bezala. Inork ez du sinesten etxean lehergailurik zeukanik, beraren ibilbideak batetik, eta azterketa fisikoek bestetik horixe diotelako; bere gorputzean ez zuen bolbora arrastorik, eta antzeman zizkioten nitrato-ionak presente daude etxeko uretan eta erabiltzen duen xanpuan.

Zerk egiten du, bada, horren arriskutsu idazle euskalduna Txileko Gobernuaren begietan? Erantzuna, agian, Aselek idazten dituen testuetan topa daiteke. Zeren ez baitago gauza arriskutsuagorik hitza baino: «Sistema horrek irauteko bermea gure otzantasuna delako, gure onarpen isila. Azken batean, demokrazia ordezkatzailea ordezkarien diktadura ondo planifikatu eta mozorrotua baino ez delako. Eta errazagoa da diktadura baten aurkako erresistentzia zilegitzat jotzea ustezko demokrazia baten aurkakoa baino. Demokrazia ordezkatzailea ordezkarien interes pribatuen diktaduraren mozorroa delako. Bada garaia mozorro hori denon artean eranzteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo