GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako ekonomia %1,5 hazi da urtetik urtera, bigarren hiruhilekoan

Nafarroako Estatistika Institutuak adierazi duenez, iazko epealdi berarekin alderatuta, herrialdeko ekonomiak %1,5 egin zuen gora. Industria alorra izan da ekonomian ekarpen handienetarikoa egin duena.

p023_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Nafarroako ekonomia %1,5 hazi da urteko bigarren hiruhilekoan aurreko urteko epealdi berarekin alderatuta. Hain zuzen, Nafarroako Estatistika Institutuak osatu duen txostenaren arabera, urtetik urterako tasa erreala %1,5ekoa izan da.

Ekonomiaren elementu ezberdinei erreparatuta, eskaintzaren kasuan, industria alorrak «gorakada arina» izan du, eta urtetik urterako aldakuntza tasa %4,8koa izan zen. Ondorioz, industria izan da ekonomia osoaren hazkuntzan ekarpen handienetariko egin duen alorra, agregatu osoari 1,2 portzentaje-puntu erantsiz.

Merkatuko zerbitzuek aurrerakadaren erritmoa azkartu dute eta urtetik urterako tasa %0,8an kokatu da. Hobekuntza honek merkatuz kanpoko zerbitzuek jasan duten %1eko dezelerazioa konpentsatu zuen.

Eraikuntza sektoreari loturiko jarduera, era berean, uzkurduraren aldean kokatu zen, hain zuzen ere, %2,3 murrizketa izanda.

Eskaera aztertuta, kanpokoak barnekoak baino bizitasun handiagoa izan zuen, eta agregatu osoari industria alorrak adinako ekarpena egin zion, 1,2 portzentaje-puntu alegia. Barneko eskaerak berriz, azken hiruhilekoetako tasa negatiboak atzean utzi ditu, eta 0,3 hamarreneko ekarpena egin dio ekonomia osoari.

Azken kontsumoko gastuak ere hazkundearen bideari ekin zion %0,6 haziz.

Aurreko epealdian, urteko lehen hiruhilekoan alegia, ez zuen ez aurrera ez atzera egin gastuak. Institutuaren arabera, gastuaren gorakadak etxeetako kontsumo gastua bizkortzen ari dela erakusten du.

Era berean, kapitalaren sorrera gordina aurreko hiruhilekoan izan zuen %-3,1 tasa negatibotik, %-0,8ra igaro zen, besteak beste, ekipamendu-ondasunen sustapenagatik.

Enplegua

Era berean, enpleguak «susperraldi handia» izan zuela baieztatu du Nafarroako Estatistika Institutuak. Hala, enpleguaren jaitsiera moteldu egin dela baieztatu zuen eta lanaren urtetik urterako bilakaera tasa %-0,6ean kokatu zuen.

Enpleguaren azken zifra hau Nafarroako barne produktu gordinaren (BPG) aurrerakadarekin elkartuz gero, lanaren produktibitatearen aldakuntza tasa %2,1ean kokatu zen, urteko lehen hiruhilekoan izan zen %2,8koa baino beherago.

Errentaren alorrean, langileen soldaten hazkuntzaren erritmoa moteldu egin zen, iazkoaren aldean, bi hamarren gutxiagokoa izan da, %1,3koa. Lan-kostu unitarioak behera egin zuen eta %-0,8an kokatu zen. Azkenik, prezioen inguruan, institutuak adierazi du BPGren deflazioa %0,9koa izan zela.

INDUSTRIA

Urtetik urterako aldakuntza-tasa %4,8koa izan zen apiriletik ekainera industriaren alorrean. Hala, ekonomia osoaren hazkuntzan ekarpen handienetarikoa egin duen alorra da, agregatu osoari 1,2 portzentaje-puntu erantsiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo