GARA > Idatzia > Ekonomia

Donibane Lohizuneko portuan arraina saltzeko eskubidea dute arrantzaleek

p028_f01.jpg

Idoia ERASO

Paueko auzitegi administratiboak Donibane Lohizuneko arrantzaleen kooperatiba Logicoop-en eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren arteko gatazkan lehenari eman dio arrazoia. Afera iazko urte hasieran sortu zen; arrantzaleek Donibane Lohizuneko portuan arraina zuzenean erosleei saltzea erabaki zuten eta Kontseilu Nagusiak «legez kanpoko salmenta» egitea egozten zien. Astearte arratsaldean epaitegiak eman zuen deliberoa arrazoizkoa dela adierazi dute Logicoopeko arrantzaleek.

Kooperatibako kideek Donibane Lohizunen arraina zuzenean saltzen jarraitu ahalko dute. Duela hilabete batzuk karpa bat baliatuta abian jarri zuten merkatuak aurrera segituko du, eta erosleek arrantzatu berria den arraina erosi ahal izango dute; itsasontzitik zuzenean erosleen eskuetara, bitartekaririk gabe.

Epaitegiak deliberatu du arrantzaleek ezarri duten salmenta tokiak «ez diola portuaren zerbitzu publikoaren funtzionamendu normalari traba egiten». Epailearen arabera, ez die eragozpenik sortzen ez oinezkoei ez kirol portuko erabiltzaileei. Ondorioz, ez da ordena publikoaren kontrako erasorik eta portuan dagoen karpa kentzeko beharrik ez dago.

Marinelek arrain salmenta Donibane Lohizuneko portuan egiten segitzen dute, hortaz. Alta, Kontseilu Nagusiak Ziburuko portuan horretarako ezarria den tokia erabiltzera derrigortu nahi izan ditu. Auzitegian garaile atera ondotik, kooperatibako presidente Dominique Dirassarek erakunde publikoarekin elkarrizketa hasteko prest dela esan du.

Kontseilu Nagusiak ez du jakinarazi epailearen erabakiari helegitea ezarriko dion ala ez, baina Logicoopeko presidenteak adiskidantzazko jarrera agertu nahi izan du. «Ez dugu gatazkarako gogorik», nabarmendu du Dirassarrek.

Arrantzaleak, kontent

Departamenduko erakundearekin elkarrizketa izan nahi du kooperatibak eta bereziki orain abandonatuta dagoen Donibane Lohizuneko salmenta tokiaren inguruan. Hala, egun saltoki duten karpa alde batera uzteko eta salmenta jarduera toki egokiago batean egiteko behar duten lokalari buruzko negoziaketak hasi nahi ditu Dirassarrek.

«Uste dut arrantzale guztiak entzunak izan garelako arras kontent izanen direla. Epaitegiko presidenteak gure abokatuak garatu duen arrazoibideari harrera ona egin dio», adierazi du Dominique Dirassarrek.

Arazoa 2008an sortu zen Portu Kontseiluko araudiak Logicoopeko arrantzaleek salmentarako aukeratu zuten tokia erabiltzea debekatzen duelako; aldiz Ziburukoan baimentzen du. Orduan portuko poliziaren lana kudeatzen duen Kontseilu Nagusiak arazoa epaitegietara eramatea deliberatu zuen.

Lehen epaiketa horretan Logicoopeko kideak galtzaile atera ziren eta «legez kanpoko okupazioagatik» arrantzaleak errudun jo zituzten eta 5.000 euroko isuna ordaindu behar izan zuten. Oraingo auzi honetan, berriz, epaileak arrantzaleek azalduriko arrazoiak aintzat hartu eta euren alde egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo