GARA > Idatzia > Kultura

Agertokietako bi lagun zaharrek jarri diote amaiera Hamabostaldiari

Errusia bidelagun izan duen Musika Hamabostaldia atzo heldu zen amaierara. Tugan Sokhiev zuzendari gaztearen Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionala arduratu zen horretaz, baina ez zuen bakarrik egin, aspaldiko ezagunarekin partekatu baitzuen Kursaaleko oholtza, hain zuzen, Donostiako Orfeoiarekin. Prokofieven eta Txaikovskiren doinuak ardatz izan zituen kontzerturako jendez lepo zegoen aretoa, izan ere, sarrerak aspaldi agortuak ziren.

p040_f01_148x83.jpg

O. LARRETXEA | DONOSTIA

Errusiarekin hasi zen Musika Hamabostaldia Errusiarekin amaitu zen atzo Kursaaleko agertokian. Tugan Sokhiev (Osetia, 1977) zuzendari errusiar gaztearen batutapean bildu ziren Okzitaniako Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionala -2005-06 denboraldiaz geroztik zuzentzen duena- eta Donostiako Orfeoia. Protagonista bi horiez gain, Ewa Podlesen kontralto poloniarra igo zen oholtzara, beraz, iragandako abuztuaren 31n eskaini zuen kontzerturekin, bigarrenez hartu zuen parte Donostiako jaialdian. Musikari errusiarren lanak oso presente izan dira aurten, herrialde hori izan baitu ardatz edizio honek. Itxierari dagokionez, Sergei Prokofieven «Alexander Nevski» eta Piotr Ilitx Txaikovskiren «5. sinfonia» eskaini zituzten.

«Ez da lehenengo aldia Donostiara gatozena -aitortu zuen Sokhiev zuzendariak-, baina gero eta garrantzitsuagoa da guretzat zita honetan izatea». Ekitaldi berezia izan zen, besteak beste, oholtza «lagun zaharrekin» partekatu zuten-eta: «Orain hogeita hamar urte baino gehiago ezagutzen dugu elkar -zioen Donostiako Orfeoia zuela hizpide-. Parisen, Tolosan, eta beste hamaika lekutan izan gara, baina beraien etxean egoteak berezia bilakatzen du kontzertua». Ikusleriak ere gogoz hartu zuen «etxeko» Orfeoia, izan ere, emanaldia ikusi ahal izateko sarrerak segituan agortu ziren: «Gaurko [atzo] kontzertua izan da sarrerak lasterren amaitu diren emanaldietako bat», aitortu zuen Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak.

Jose Antonio Sainz Alfarok, Donostiako Orfeoiko zuzendariak ere nabarmendu zuen Tolosako Orkestrarekin duten kidetasuna, eta batez ere, bertako zuzendaria gaztea izatea gakoetako bat dela etorkizunari dagokionez: «Sokhieven gaztetasuna oso garrantzitsua da guretzat. Orfeoia zuzendari handiek zuzendu dute, baina zaharragoak izan ohi direnez elkarrekin egin daitezkeen proiektuak urriagoak dira. Tugan berriz haurra da -erantsi zuen txantxetan-, beraz etorkizun luzea dugu elkarrekin egiteko».

Sarreren salmenta arrakastatsua izan arren, Alfayak gaineratu zuen «aurrekontu arrazoiengatik» ezinezkoa suertatu zela beste egun batez emanaldia eskaintzea, eta «zoritxarrez» egun bakarrean elkartu ahal izan direla Sokhieven Orkestra eta Donostiako Orfeoia. «Ez dakigu noiz, baina ziur berriro ekarriko ditugula, eta ez behin bakarrik». Oraingoz, baieztapen hori da aurtengo Hamabostaldiaren gainean egin duten balorazio bakarra.

Gerratik erromantizismora

«Alexander Nevski» obrak hartu zuen kontzertuaren lehen zatia. Prokofievek 1938an idatzitako partitura pantaila handirako sortua da, hain zuzen, Sergei Eisenstein errusiar zinemagileak egindako izen berbereko filmerako. Pelikula testuinguru zehatz batean errodatu zen, izan ere 30ko hamarkadaren amaieran nazien inbasioaren mehatxua gero eta handiagoa zenez, Stalinek zuzendutako egitura politiko-militarrak gatazka armatuaren alde egiten zuen elementua behar zuen biztanleriak sutsu defendatu zezan herria. Orkestra, abesbatza eta mezzo-soprano jokorako idatzitako kantata izanik, Donostiako Orfeoia koralari dagokion zatiaz arduratu zen eta Ewa Podlesek berriz, bakarlariarena egin zuen.

Gerraren beste muturrean, erromantizismoa; halakoa baitzen Txaikovskiren musika. Aro erromantikoaren ordezkarietako bat izanik, oso ondo uztartzen ikasi zuen errusiar herri musika eta teknika. Bere melodien edertasunaz gaindi, kezka eta urduritasuna islatzen dute bere partiturek, eta atzoko «5. sinfonia» da, ezbairik gabe, bere errepertorioa osatzen duten sei sinfonietatik esanguratsuena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo