GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

TOP 14

Heldu zaio Biarritzi esnatzen hasteko garaia

p044_f01.jpg

J.L. I

Biarritzek faboritoen zerrendan jarraitu nahi baldin badu, esnatzen hasi beharra dauka. Lehen jardunaldia irabazi zuen, baina ondorengo hiruretan porrotak batu ditu, bata bestearen atzetik, eta bide beretik jarraitzen badu, zerrenda horretatik irten egingo da, edo atera egingo dute, hobeto esanda.

Gaur Top 14ko klasiko bat jokatuko du Agilera estadioan, 20.45etik aurrera, Stade Français hartuko baitu. Pariskoak Liga irabazteko faboritoen artean daude, baina horrek ez luke arazoa izan behar, zuri-gorriek ere goian ibiltzeko taldea egin baitute, eta horretan borrokatu behar dute.

Emaitzez gain, emandako itxurak, ordea, ez du baikor izateko askorik laguntzen, irabazi zuen norgehiagokan ere ez baitzuen batere partida ona egin. Gaur, ordea, Yachvili hamabostekoan izango da, eta bera zelaian badago, talde sendoago, hobea ikusten da, nahiz eta Perpinyan haren puntuek defentsako bonusa lortzeko baino ez zuten balio izan.

Stadek ere badaki gaurkoan paretik ken dezakeela aurkari gogor bat, nahiz eta Liga hasi besterik ez den egin, eta berarentzat ere garrantzizkoak izango dira lau puntuak. Jean Michel Gonzalezek zuzentzen dituen mutilek azkeneko bi partidetan defentsako puntua lortu dute, baina gaur horrek balio gutxi izango du, lau puntuak behar baitituzte.

Lehen postua

Avironen bestelakoa da egoera. Ustez, eta Biarritzekin alderatuta, sailkapenean alderantziz egon beharko lukete, baina kontua da Baionakoak lehen postuan daudela, hori bai, Montpellierrekin berdinduta.

Egoera horretan jarraitzeko aukera paregabea dute, sailkapeneko azkenekoaren zelaian, Bourgoinen jokatuko baitute 15.00etatik aurrera. Gaurko aurkariek jokatutako lau partidetatik bat irabazi eta hiru galdu dituzte, Avironek egin duen kontrakoa, alegia, izan ere zuri-urdinek hiru irabazi eta bakarra galdu baitute.

Gajanek eta Lievremontek zuzentzen dituzten mutilek lan bikaina egin dute orain arteko partidetan, eta sailkapeneko goiko muturrean jarraitzeak ematen duen indarrarekin jokatuko dute. Etxetik kanpo ere irabazi dezaketela erakutsi zuten Toulonen, eta hori baieztatu egin behar dute gaur, horixe izan baitzen iaz egin zuten akats nagusia. Baina hori ongi ikasia dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo