GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

«Tax free»

Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadiko txirrindularia

Ikaragarria! Beste behin Igor Antonek eman digun poza ikaragarria izan da. ZORIONAK IGOR!!! Herenegungo etaparen lehen kilometroetan lan eskerga egin genuen arren, 45. kilometro inguruan zegoen sprint bonifikatu batean segundo bi hartu eta maillot gorria kendu zigun «Puritok». Epe luzera begira agian guretzat hobe izan litekeela ere pentsatu genuen une horretan, izan ere itzuliaren zati handia dago oraindik jokoan eta etapaz etapa kontrol lan hori egitean neke asko pilatzen da taldekideen hanketan. Hala ere, Igorri arantzatxoa sartuta geratu zitzaion eta ezer esan ez bazuen ere, amorru puntutxo horrekin hoteleratu zela antzeman nion.

Atzo, etapa luze eta gogorraren ondoren, Andorrara iristen ari ginen eta mugara gerturatu ahala urduritasuna nabari zen tropelean. Maillot gorri hori bezperan galdua genuenez, taldekideok ohiko lanaz aparte lan exageraturik egin gabe pasatu genuen eguna. Hasierako kilometroetan bai egin genuen lan ihesaldia hartu nahirik, baina behin ihesaldia antolatuta tropel barnean lasai antzean joan ginen aduana ingurura iritsi arte. Aduana pasatzerako, kirioak dantzan, eta ez genuen, bada, deklaratzeko ezer! Are gehiago, ordurako mailloteko patrikak ere nahiko hutsik, helmugarako 25 kilometro baino ez ziren falta, eta jan beharrekoak janda baikinen jada. Andorra herria pasatuta, errepidea maldan gora jarri eta tropelkideak murriztuz hautagai nagusiak ziren elkarren alboan. Behin selekzio handiena eginda, taldetxo murritzean ongi mugitu zitzaigun «Fuji», eta bere indarrak behar bezala neurtuz eta burua hotz mantenduz beste garaipen ikaragarri bat eskaini digu.

Esan daiteke, saria jaso dugula oraingoan, eta gainera, Andorran izanik, zergarik ordaindu beharrik gabe! Nola bada zergarik ordaindu gabe? Zergarik ordaindu gabe diot tropeletik tiraka ibili beharrik gabe eta taldeak esfortzu estra larregikorik egin gabe lortu dugulako. Saria bikaina izan da aparteko lanik egin beharrik gabe, baina aurreko etapetan legez, datozenetan gogotik egin beharko dugu eta Andorrakoa tax free izan zela pentsatu beharko dugu. Noizean behin honelako abantailatxoak izaten dira eta profitatu beharra dago. Aurrerantzean egunero zergak ordaintzea tokatuko zaigula iruditzen zait, eta gustura ordainduko genituzke, gainera, Madrilera iritsi bitartean.

Etxe ingurura gerturatzen goazen heinean zaleen berotasuna ere nabaritzen hasiak gara eta lider maillot honek ematen digun indarraz eta zuen animoekin aurrera egiteko prest gaude. Datozen egunotan ea errepide bazterretan ikusten zaituztegun!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo