GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

VUELTA 2010

Rol-ak aldatuta

Amets TXURRUKA I Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Tropela bizitzaren beraren isla izaten da eta tropelkideok, bizitza arruntean gertatzen den antzera, oso ezberdinak gara gure artean. Bakoitzak, bere ezaugarrien arabera, zeregin bat izaten du tropel horren barruan eta nork bere taldearen barruan zeregin bat edo beste izaten dugu.

Zeregin horiek, gehienetan ezaugarri fisikoen araberakoak izan ohi dira. Esaterako, sprinterrek argi daukate beren egiteko bakarra azken metroetan abiadura punta izugarri hori atera eta garaipena lortzea dela. Txirrindulari garai eta indartsuek laguntzen diete normalean, bai taldetik tiraka, bai azken kilometroetan kokapen egoki bat bilatzen. Igotzaileek mendiko etapetan jartzen dituzte beren helburuak, eta taldekideei lagundu eta arrisku larregi hartu gabe etapak salbatzea izaten da. Bestalde, etapa hasieretan, ihesaldien bila abiatzen diren etapa ehiztarien eta tropela bat eginda mantendu nahi duten gizonen arteko lehia ikusten dugu. Normalean, kilometro horietan ihes egin nahian behin eta berriro erasoan saiatzen den horien multzoan ikusten dut nire burua. Azken egun hauetan, aldiz, rolak aldatuta gabiltza; hasierako kilometro horietan erasoka ari zaizkigu tropelkide pila bat eta igotzaile gorputz mehar honekin erasoak neutralizatu eta tropela ordena minimo batean mantentzea dagokigu. Lan erraza izan ez arren, moldatzen ari gara eta liderraren maillota gurekin izanda gustura egiten dugun zeregina da.

Burgosko etapan, ordubete inguru egurrean aritu ondoren, lortu dugu bospasei laguneko ihesaldia antolatzea, denak ere sailkapenean atzerapen handia dutenak. Hemen ere, bere ohiko rol-a aldatuta zebilen Alan Davis, Oiartzunen bizi den australiarra. Cavendish azken metroetan garaiezina dela ikusirik, urrunagotik saiatu behar!

Hala ere, etapa pasatu ahala bakoitzak bere rola berreskuratuta, sprinterren taldeak ihesaldia behera bota eta azken metroetan gorputz txikiko sprinter handia nagusi.

Bukatzeko, aipatu nahi nuke oso polita dela etxetik gertuxeago dauden errepide hauetan tiraka pasatzea eta maillot gorria duen Igorri egindako animo oihuak entzutea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo