GARA > Idatzia > Kultura

Jorge Oteizaren zazpi obra ikusaraziko ditu San Telmo museo eraberrituak

Jorge Oteiza Fundazio Museoak eskultore oriotarraren zortzi sorkuntza utziko dizkio San Telmo Museo berriari, elkarren arteko kultur egitasmo baten baitan. Datorren udaberrian irekiko dute Donostiako museoa.

p042_f01_148x068.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Donostiako San Telmo museoak, gaur egun oraindik eraberritze lanetan dagoenak, datorren udaberrian irekiko ditu ateak. Orain, espazio berrian ikusaraziko diren artelanen hautaketa eta bereganatze prozesua abiarazi dute. Lehenengo hitzarmena atzo goizean sinatu zuen Donostiako museoak Jorge Oteiza Fundazioarekin. Hala, eskultore oriotarraren Altzuzako etxean eraikitako museoan gordetzen diren zazpi obra ikusi ahal izango dira Gipuzkoako hiriburuan, lankidetza hitzarmen bati jarraituta.

Akordioaren xedea, San Telmoren eta Jorge Oteiza Fundazioaren arteko lankidetzarako esparru orokorra ezartzea eta antolatzea da; oro har, artea ezagutarazten eta, zehazki, Jorge Oteizaren lana aztertzen eta hedatzen lagunduko duten kultura proiektuak batera sustatzeko, planifikatzeko eta gauzatzeko, bakoitzari dagozkion eskumenen esparruan ekimenak, neurriak eta ekintzak arbitratuz.

Denis Itxaso Kultura zinegotziak eta Gregorio Diaz Ereño eta Susana Rico, Jorge Oteiza eta San Telmo museoetako zuzendariek, hurrenez hurren, burutu zuten atzo hitzarmenaren gauzatzea. Azaldutakoaren arabera, Oteizaren obraren zati bat emateaz gain, bi organismoen artean, ikerketa programak garatu, baterako argitalpenak editatu eta aldi baterako erakusketak antolatuko dituzte.

Modernitatearen hasierara

Fundazioak San Telmo museoaren erakusketa iraunkorrean jarriko diren zazpi lan utziko ditu gordailuan, Jorge Oteizaren izena ezagutzera eman eta bere lana hedatzeko. «Figura comprendiendo políticamente» (1935), «Caja vacía» (1958), «Caja metafísica por conjunción de dos triedros» (1958), «Homenaje a Mallarmé» (1958), «Fusión de dos sólidos abiertos» (1957), «Figura para el regreso de la muerte» (1950) eta «Cabeza de apostol» (1953-54) izango dira gordailuan jasoko diren lanak.

Guztiak, aipatutako azkena izan ezik, San Telmoko «Modernitatearen hasiera» deritzon esparruan kokatuko dira, euskal sortzaileei buruzko zatian, erakusketa iraunkorraren barnean. Atal horrek, Euskal Herriko sormenean mende bateko ibilbidea egingo du eta, ehun bat lanen bitartez, euskal artearen kronika gauzatuko da, XIX. mendetik abiatu eta XX. mende amaieraraino iritsita.

Sorkuntzetako bost, 1936ko Gerraren ondorengo urteak jorratzen dituen zonaldean ezarriko dira, Euskal Eskolaren sorkuntzaren ondorioz, berpizkunde plastikoa gertatu zenekoan. Gerra aurreko garaiak ere ikusaraziko dira «Figura comprendiendo políticamente» lanarekin. «Cabeza de apostol», bestalde, Arantzazuko santutegiari eskainitako eremuan ezarriko da, eta ez gainerako obrekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo