GARA > Idatzia > Euskal Herria

Barañaingo gazteentzat alkatearena da guardia zibilen erasoaren ardura

Barañaingo gazteak autogestionatutako lokal bat lortzeko borrokan dira aspaldidanik. Ostegunean, ekimen baketsua egin zuten beren aldarrikapenen berri emateko, baina Guardia Zibilaren indarkeria aurkitu zuten. Apurtu telebistak gertatutakoaren bideoa zintzilikatu du Interneten.
p034_f02_097x099.jpg

GARA |

Apurtu.org webguneak Barañainen aurreko ostegunean gertatukoaren bideoa zintzilikatu du Interneten. Bertan, ekimen baketsu bat aurrera zeramaten zenbait gazteren kontra Guardia Zibila nola oldartu zen ikus daiteke. Karga polizialaren ondoren, bost lagun atxilotu zituzten; horrez gain, 20 zauritu inguru ere izan ziren.

Bideoaren hasieran, guardia zibilek bildutako jendearen aurka gomazko pilotak nola botatzen dituzten ikus daiteke. Jarraian, gertatutako guztia gertu-gertutik bizi izan zuen gazte baten azalpenak biltzen ditu bideoak; ekimen baketsu bat egin asmoz bi lagunek ia bi orduz besoa bidoi batean sartu eta errepidea moztu zutela azaltzen du. Gazte horiek aurretik baraualdia egina zuten, eta, ondorioz, protesta ekintzan beste hainbat lagun izan zituzten ondoan arazorik ez zela egiaztatzeko. Polizia heldu zenean bertaratutako jendearen kontra bortizki oldartu zela dio hizlariak. Hala, pilotak bularrera eta burura bota zizkietela salatzen du. Ostean, kargaren unean adineko herritarrak eta gurasoekin zeuden umeak ere bazirela dio gazteak.

Ez dute gaztetxea eskatzen

Apurtu telebistak ekoitzitako bideoan hitz egiten duen Barañaingo gazte baten ustez, gertatukoaren erantzukizuna alkatearena da. Horregatik, alkateari argibideak eskatu behar zaizkiola uste du, «autogestionatutako lokalen arazoari biolentziaz beteriko erantzuna eman baitio».

Erreportajean azaltzen den gaztearen ustez, «herriaren nahia ez du entzun nahi alkateak, gainera, herriko zenbait lagun ospitalera bidali ditu eta beste batzuk atxilotzea eragin du».

Ondoren, poliziaren bortizkeria pairatu zuten herritarren lekukotasunak jasotzen dira ikus-entzunezkoan. Beste hainbat kolektibok bezala, Barañaingo gazteek autogestionatutako lokal bat besterik ez dute nahi. Izan ere, orain ez dute non bildu.

«Ez dugu gaztetxe bat eskatzen, lokal bat besterik ez dugu eskatzen», dio gazte batek. Izan ere, «guk ere baditugu gure ezinegonak eta herriarentzako ekimenak bultzatu nahi ditugu, bai kultura suspertuz bai herriaren adiskidetzea bultzatuz».

udalaren jarrera

Barañaingo gazteek gogor salatu dute alkatearen jarrera. Udalera lokal bat eskatzera jo dutenean, erantzun argia jaso dute alkatearen aldetik: «Lokal bat nahi baduzue, ordain ezazue».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo