GARA > Idatzia > Euskal Herria

Artzain Eguna «herritar guzti-guztiei» zabaldu diete Abadiñon

Artzainen produktuak saltzeko ohiko azokaz gain, artzainen eguneroko zereginen erakustaldiak ere egin zituzten atzo Abadiñon. Gazta egiteko prozedura zein den, ardiei ilea zelan mozten dieten edota artilea zelan lantzen duten ezagutzeko parada izan zuten bildutako ehunka lagunek.
p017_f02_097x119.jpg

GARA |

Orain arteko hamar edizioetan Urkiolan ospatu izan da Artzain Eguna. Aurtengoan, aldiz, Abadiñoko Zelaieta auzora mugitu dute. Leku aldaketaren arrazoiak azaltzerako orduan, jaia «herritar guzti-guztiei» zabaltzeko asmoa izan dutela azaldu zuten atzokoan antolatzaileek.

Goizeko hamarretan eman zioten aurtengo edizioari hasiera. Artzainen produktuak saltzeko ohiko azokaz gain, artzainen eguneroko zereginen erakustaldiak ere egin zituzten. Horrenbestez, gazta egiteko prozedura zein den, ardiei ilea zelan mozten dieten edota artilea zelan lantzen duten erakutsi zieten artzainek Zelaietaraino bertaratutako herritarrei.

Ehunka pertsona izan ziren Acol eta Artzai Gazta elkarteek Abadiñoko Udalarekin batera antolatutako edizioan. Antolatzaileak pozik agertu ziren izandako arrakasta eta giroarekin.

Irabazlea, Itxaso Barrenetxea

Bizkaiko ardi gazta lehiaketan Durangoko Itxaso Barrenetxea artzaina izan zen garailea. Hala, durangarrak eraman zuen 450 euroko saria. Bigarren saria, 300 eurokoa, Muskizeko Ricardo Muriasek lortu zuen; hirugarrena, aldiz, Zeanuriko Emilia Aranarentzat izan zen.

Lehiaketa ofizialaz gainera, gazta dastatze herrikoia ere izan zen Abadiñon. Bertan, Txori Errota elkarteak lortu zuen publikoaren onespena.

Eguneko beste zita garrantzitsuenetariko bat artzain txakurren txapelketa izan zen. Aitor Urien Abadiñoko artzainaren txakurra izan zen lehen saria eskuratu zuena.

Patxi Solana Acol elkarteko ordezkariak argi adierazi zuen jaiaren aurkezpen egunean antolatzaileen xedea: «Herritarrak artzainen bizimoduaz eta arazoez jabetzea nahi dugu». Helburua lortu dute, ehunka lagunek jaso baitzuten atzokoan Abadiñon egungo artzaintzaren berri.

leku aldaketa

Artzain Eguna Urkiolan ospatu izan da orain artean. Aurten, aldiz, Abadiñoko Zelaieta auzora mugitu dute, «ekimena herritar guztiei zabaltzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo