GARA > Idatzia > Kultura

Kristiñe Txoperena izan da Aiherrako saioan hoberena

Larunbat gauean Aiherran jokatutako kanporaketan, Kristiñe Txoperenak bost puntuko aldea atera zion bigarren egin zuen Xumai Muruari. Biak sailkatu dira finalerdietarako, eta hirugarren gelditu zen Miren Artetxek puntuen zain egon beharko du han kantatuko duenentz jakiteko.
p058_f01.jpg

Zuraide ETCHEMENDY | AIHERRA

Zuberoako kanporaketa saioa neskenegünez ospatu zela erran genuen, honela, iragan berri den asteburuan Aiherran (Nafarroa Beherean) jokatu dena ibiakoitz arratsean ospatu zela erranen dugu, herrialde horretan larunbatak izen hori hartzen baitu, ibiakoitza. Ortzia ilun eta aroa hotz, bertsoen argia eta beroa ukaiteko parada bikaina eskaintzen zuen «Xilaba» txapelketako bigarren kanporaketa saioak. Eta «Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketa» ezaugarritzen duten hiru X horien bigarren inkognita argitu zen, Kristiñe Txoperena eta Xumai Murua ere finalerdietarako sailkatu baitira.

Afariaren ondotik jokatu zen kanporaketa, eta bete-bete agertu zen aretoa; beraz, suzia pizteko garaian erakutsitako arrakastari eusten dio txapelketak. Heldu den astean Saran jokatuko da azken kanporaketa eta han erabakiko da Luhuson urriak 16an eta Gabadin urriak 23an nork kantatuko duten.

Plazer bat

Aspaldian bertsotan aritu gabe zebilela erran zuen Txoperenak bertsoz agurtzeko tenorean, eta, elkarrizketatua izatean, ez dakiela «finalerdietan aritzeko gogo nahiz ilusiorik» pizten ote zaion barnean, baina plazer bat izan zen ideia eta proposamen konplexu eta iradokitzaileak kantuz agertzen dituen bertsolaria entzutea, eta zaleak merezi du halako freskura agertzen duen bertsolaria finalerdietan ukaitea.

Xumai Murua seguru aritu zen, berezkoa duen bertsokera klasikoarekin, bertsoa goitik behera ekarriaz, eta umoreari tarte eginaz. Miren Artetxe jotzen zuten faborito Aiherrarat hurbildu ziren bertsozale anitzek saioa aitzin, eta bertsoaldi politak eskaini bazituen ere, tarteka eginiko akats batzuek hirugarren postuan utzi zuten; orain puntuen beha egon beharko du finalerdietan arituko denentz jakiteko, nahiz eta mementokotz bera den ongien sailkaturik ageri dena zerrenda horretan. Gillen Hiribarrenek zertzelada politak utzi zituen ofizioetan, teknika ongi menperatzen duela erakutsiaz.

Mattin Lukuk barrea eragin zuen aretoan, biziki ironikoa da bera, 18 urte bete berria, eta ofizioetan bertso lagunari gehiago laguntzen asmatzen duenean zer errana emanen duen bertsolaria izanen da. Txomin Elosegi hazpandarrak ia etxean bezala kantatu zuen, Aiherra bizilekutik hurbil baitu, eta jakin zuen bere zaleei irria sorrarazten.

Kristiñe Txoperenak «Oparia» hitza eman ondotik eginiko bertsoa uzten dugu hemen guk ere opari gisa: «Lehenik eguna oroitu eta egin behar da aukera / ondorenean pasatzen gara asko prezio artera / eta aixturrak eskutan hartu ta hartzen dugu papera / nahiz inguruan izan badudan mila aukera ta denda / egiten sarri ahazten dut baina oso gustora hartzen da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo