GARA > Idatzia > Kultura

Txintxarri abesbatzako kideentzat, berrogeita hamar urteren buruan, «ihesbide» bihurtu da korua

Irati Garmendia gazteak abesten daramatzan urteetako milaka oroitzapen ditu. Izan ere, Txintxarri abesbatza ez da koru soil bat. Euskal Herria eta munduko txoko ezberdinak ezagutzeko bidea ere bihurtu da.

p049_f02_148x88.jpg

Maddalen LARRINAGA | ALEGIA

Bihar egun berezia izango da alegitarrentzat. Txintxarri abesbatzaren urteurrena ospatzeko egun berezia antolatu da, herriko elizan eguerdiko 12.30ean egingo den kontzertu batekin. Bertan Xabier Sarasolak eta Felix Irazustabarrenak sortutako «Pausoz pauso» kantua estreinatuko dute.

Korua 1960an sortu zen Joxe Gastesiren (Mexiko, 1926-Donostia, 2010) zuzendaritzapean. Garai hartan izan zen Alegiako kultur taldeen berpizkundearen hasiera. Inguruko herrietan apenas zegoen abesbatzarik, baina kantatzeko joera eta ohitura bazegoen, ordea.

Abesbatzako kide batzuk txikitatik izandako gustuari jarraituz sartu ziren proiektuan, beste batzuk lagunengatik. Xefe Balerdik adibidez, gaur egun erretiratua denak, 37 urte inguru daramatza abesbatzan. Baina lehenagotik ere kantatzen zuen. «Zazpi edo zortzi urterekin hasiko nintzen kantuan. Beti ibili naiz musika munduan», zioen Balerdik. Irati Garmendia ikaslea berriz, lagunengatik sartu zen lehenik Txintxarri Txiki haur abesbatzan, eta gero, 16 edo 17 urterekin helduen korura gehitu zen, gustura baitzebilen kantuan: «Gustura nenbilen abesten eta, gainera, txikiak ginenean gure ilusioa 17 urterekin koru handira pasatzea zen», azaldu zuen Garmendiak. Olatz Irazustabarrena kontraaltoa da eta bera ere txikiekin hasi zen abesten. Ondoren, hiru urte igaro zituen herritik kanpo ikasketak eginez eta amaitzean itzultzea erabaki zuen. Nerea Pikabea kazetariak amarekin ikusi zuen abesbatzak eskainitako kontzertu bat eta abestea betidanik zuenez gustuko, txikien taldean sartzea erabaki zuen.

Herriko abesbatza izan arren, Euskal Herrian zehar kontzertuak eskaintzen ditu taldeak eta, noizean behin, kanpora ere egiten dituzte bidaiak; hala nola Alemaniako Nüremberg eta Winkelhaid hirietara, Parisera, Portugalgo Evorara edota Estatu frantseseko Montlieura ere joan dira. Guztietatik gogoangarriena Alemaniara egindako hura iruditzen zitzaion Xefe Balerdiri. Irati Garmendiari, berriz, Portugalera egindakoa; kontzertua eman ostean astebetez herrialdea ezagutzen ibili baitziren.

«Gogo gutxi»

Astean bi entsegu izaten dituzte 21.00etatik 23.00ak arte. Hori izaten da gogorrena. Izan ere, kide asko lanean edota ikasten dabiltza, baina Irazustabarrenak zioen bezala, «hasi arte» irauten du gogo gutxi horrek. «Ihesbide» bezala erabiltzen dute kideek abesbatza. Gainera, askok eta askok lagunak egin dituzte koruan: «Koru barruan egindako lagunak ditut», zioen Irazustabarrenak.

Abesbatzatik 250 abeslari inguru pasa dira, horien artetik 105 gizonezkoak dira eta gainerako 145ak emakumezkoak. 16 urtetik 65 urtera bitarteko pertsonak dira eta horrek beste abesbatzetatik desberdindu egiten du Txintxarri. Irazustabarrenak zioenez, «talde koloretsua da» eta giro ezin hobea dago bertan.

1990ean zuzendariz aldatu zuten, eta geroztik Garbiñe Orbegozok darama erritmoa taldean. Kargua hartu zuenean erantzukizun handia iruditu zitzaion, baina «ilusio handiz» ekin zion lanari. Gainera, taldea ezaguna zuen eta horrek gauzak erraztu zizkion. 17 urterekin sartu zen abesbatzan etxean betidanik bizitako kontua baitzen, bere hiru senide kide ziren aurretik eta haiei jarraituz hasi zen Orbegozo. Hogei urte hauetako balantzea ona dela azaldu zuen eta urtean zehar egindako esfortzu guztiak emanaldietan jasotako fruituak ordaintzen dizkiola ere esan zuen.

Igandean antolatutako emanaldian berrogeita hamar urte hauetan maiz abestu dituzten kantuak entzun ahal izango dira, eta «Pausoz pauso» berria Txintxarri Txiki haur abesbatzarekin batera ere abestuko dute. Gainera, emozio asko bilduko dituen kontzertua izango da, Joxe Gastesi sortzailea gogoan izango baitute emanaldi osoan zehar. Amaiera aldean laurogei pertsona inguru bilduko dira elizan azken hiru kantuak abesteko, Txintxarriko kide izandakoak eta gaur egun direnak elkartuz. «Ilusio handiz ari gara prestatzen», zioen Orbegozok. «Egun oso polita izango da igandekoa» zioen bere aldetik Irati Garmendiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo