GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Urdangarin(*) IMHko hizkuntza aholkularia eta Ahize-AEK aholkularitzako teknikaria

«It's the economy, stupid»

Tokian tokiko hizkuntza komunitateen eskubideak babestu nahi ditugunok gure estrategietan ekonomiari lehentasunezko lekua ematearen ikuspegia garatu behar dugu

Lelo hori erabili zuen 1992. urtean Bill Clintonek AEBetako presidentetza lehen aldiz lortu zuen hauteskundeetan. Bien bitartean, Bush aitak uste zuen Golkoko Gerraren bitartez piztuko zuela herritarren nazionalismoa eta horrela lortuko zuela gehiengoaren atxikimendua.

Ziur gara Clinton eta Bushen aholkularien artean izango zela soziologia ikasitakoren bat, baina azken horrenak ez zituen lehen mailan ikasitakoak birpasatu eta ahaztuta zituen gizarte industrialaren oinarrizko ezaugarriak.

Teknologia eta industriaren antolaketa berria, lanaren banaketa, garraioak hobetu eta merkatuen hedadura... garrantzi handiko gakoak izan baziren ere, azken bi mendeetan garatu den gizartearen ezaugarri giltzarria da: pentsamolde ekonomizista hori gizartearen gainontzeko arloetara zabaldu dena. Zeren nahiz eta eraldaketa prozesu batean gauden, oraindik ere industrializazioko balioak indar handia dute gure gizartean. Gizartea eta gizabanakoak bihurtu dira inoiz baino gehiago arrazionaltasuna, kalkulua, ordena, diziplina, ordukotasuna eta arrakasta zaleak.

Tokian tokiko hizkuntza komunitateen eskubideak babestu nahi ditugunok Clintonen ikuspegia garatu behar dugu, ekonomiari lehentasuneko lekua eman gure estrategietan. Era berean, dagoeneko hizkuntza-kudeaketa enpresetan txertatzearen alde egin dutenek haien taktikak garatzean ere ikuspegi ekonomizistari erreparatu behar diote. Izan ere, egungo gizartean bakarra da jende gehiena mugiarazten duen gakoa: zerbait egin edo ez egitearen irabaziak edo galerak ikustaraztea. Eta bi dira irabazi-galera horietan eragiten duten eragile nagusiak: bezeroaren eta agintarien nahia. Ezinbesteko zaigu horiek nabarmendu eta ikusgarri egitea.

Besteak beste, gai garrantzitsu horietaz arituko gara 30+10 mintegian. Urriaren 21ean, Elgoibarko IMH-Makina Erremintaren Institutuan garatuko den jardunaldi honek bost urte beteko ditu, eta urtean zehar enpresetako hizkuntza-kudeaketan emandako aurrerapausoen berri izateko aukera da. IMH, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak aurten antolatutakoan hamahiru ponentzia aurkeztuko dira, eta Lurdes Auzmendik, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, zabalduko du ekitaldia.

Mintegiaren bosgarren urte honetan esperientziak irakatsi digu enpresako hizkuntza-kudeaketaren inguruan lan egitea egingarria dela, ezagutu ditugun kasuek azaldu digutenari erreparatuz. Beraz, egungo AEBetako presidentearen hitzak hartuz, «yes we can».

(*) Artikulua Edurne Bilbao IMHko komunikazio arduradun eta euskara teknikariak ere sinatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo