GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Euskanpus Iberus? Numerus clausus

Meteosat gizajoa nahiko aztoratua ei dabil egunotan Lurraz kanpoaldeko errondan ibiltze horretan Euskal Herriaren gainetik pasatu behar duen bakoitzean. Ulertzekoa da gero! Lehen berdea ikusten zuen Kantauri aldean eta gris-nabarra Lautadan. Orain berdegunetxo bat ikusten du Gasteizen erdian, green kapitala denez gero, eta gorria gainerako euskal lurraldean. Gorria nagusi, bai, egungo argazkian nonahi ageri baitira marra gorriak. Eta horrek arazo handia ekarri du demokraten artera, marrok ezin igaro ditzaketenez demokrata guztiak pilatuta baitaude txikerrena den aldean, besape jarraian, ezin kabituan, A8-A63ko muga deritzoten horretan egun seinalatuetan kamioi handiak legetxe, pilatuta. Alde horretatik atera du Lakuako lehendakariak azkena, ezker abertzalearenak bestelako doinua izan arren ez ei du behin betiko musikaren soinua. Nola soinua hala dantza lelopean bizi denak ezin jakin bestelako doinuak gozatzen! Behin betiko musika? Hileta-elizkizunetakoa dakarkit horrek burura, eta nik dakidanez zer edo zer hilda badago, aspaldian hilda ere, Gernikako Estatutua da. Behean bego fosila, lurpean, harren jaki! Harrezkero, urriaren 25ean ospatzekoa zena azaroaren 1ean ospatzea hobe. Gernikan geratzen den serioena, asteleheneroko azokaz aparte, gutxienezko demokratikoen gaineko akordio bizia da. Goian bego! Haritz zaharra berpizteko bestekoa, fruituak eman eta munduan zehar zabaltzeko modukoa.

Eman ta zabal zazu. EHUren leloa. Bikaintasun zigilua lortu berria du Euskanpus egitasmoarekin. Eta hau kolpea! NUPek ere zigilu bera lortu du, Campus Iberus egitasmoarekin, Ebroaldeko hainbat unibertsitate taldekide izan dituela. Kontuan hartuta Donostia eta Iruñea nor bere aldetik aurkeztu zirela Europako kultur kapitala izateko, atera kontuak! Bankukoak bankutik esan nahi dut. Bai, praka eta gona bete lan izango da eszenatoki berrian! Noizbait EHUP bat izango badugu behintzat! Horren leloa begi-bistakoa da gero: ehup! la la! Bitartean badirudi numerus clausus-a aplikatzen diotela elkarri unibertsitate publiko biok, numerus apertus-a beharrean. Tira, Euskanpus eta Campus Iberus! Asterix eta Obelixen istorio bat irakurtzen nagoela begitandu zait. Eta Assurancelopix musika zalea sagarraren adarraren puntan, harpa jole. Ala Toutatis!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo