GARA > Idatzia > Ekonomia

Itxialdian jarraitzen dute Thyssenkrupp eta Dynamobel enpresetako langileek

Thyssenkrupp multinazionalak Alonsotegin duen lantokia itxi eta 120 langile kaleratu nahi ditu. Ostiralean herriko udaletxean itxialdia hasi zuten langileek. Dynamobeleko langileek, berriz, laugarren itxialdi eguna bete zuten atzo 49 langile kaleratzeko asmoaren aurka.

p035_f01_199x116.jpg

A.Z.

Alonsotegiko Thyssenkrupp lantokiko langileek herriko udaletxearen pareko plazan jarraitu zuten atzo beren protestarekin, pasa den ostiralean udaletxean itxialdia hasi ostean. ThyssenKrupp Bilstein Iberica multinazionalak enpresako 120 langileak kaleratu eta lantokia ixteko aurkeztu duen txostena ez onartzeko exijitu diote langileek Lakuako Gobernuari.

Ostiralean bildu ziren azkenekoz langileen ordezkariak enpresako zuzendariekin, enpresa ixteko duten asmoaren inguruan negoziatu eta adostasuna lortzeko asmoz. Sindikatuek salatu dutenez, ordea, negoziazioa eten egin zen enpresak ez zituelako bermatzen sindikatuek aldarrikaturiko baliabide ekonomikoak, ezta aurretiko erretiroak eta kokapen berriak ere.

Era berean, langileek gogor salatu dute multinazionalak 2007. urtean enpresa erosi zuenean inbertsioak egiteko hartu zituen konpromisoak ez dituela bete. Konpromisoak ez betetzeaz gain, enpresak murrizpen latzak ezarri zituen 2009an, eta, ondorioz, orduko 200 lanpostuetatik 80 galdu ziren. Aurten, azkenik, urte hasieran ekoizpeneko bi linea ezabatu ostean, ekainean enpresa itxiko zuela iragarri zuen multinazionalak.

Ordutik enpresa erostean harturiko konpromisoak betetzeko exijitu diote langileek multinazionalari, baita lantokia ez ixtea ere. Gogorarazi dutenez, Thyssenkrupp taldeak Enkarterriko lantokia bere jardueraren garapen gune gisa aurkeztu zuen 2007an.

Enpresako zuzendaritzak, bere aldetik, negoziazioak eten eta kontsulten aldia bukatutzat jotzen duela adierazi zuen ostiralean. Lan Ordezkaritzan aldebakarreko proposamena aurkeztuko duela ere iragarri zuen.

Iruñean, laugarren eguna

Zuzendaritzak 49 langile kaleratzeko aurkeztu duen txostenaren aurkako laugarren itxialdi eguna bete zuten atzo Iruñeko San Lorenzo elizan dauden Dynamobel enpresako zazpi langileek. Enpresak 135 langileetatik 49 kaleratzeko aurkeztu duen lana erregulatzeko txostena ez onartzeko eskatzen diote Nafarroako Gobernuari langileek, «guztiz justifika ezina» baita.

169 kaleratze

Alonsotegiko Thyssenkrupp enpresako zuzendaritzak lantokia itxi eta 120 langile kaleratu nahi ditu. Iruñeko Dynamobel enpresan, berriz, 135 langileetatik 49 bota nahi dituzte kalera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo