GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Autonomiari buruzko foroa Baionan

Ipar Euskal Herriko erakundetzearen gaia esparru politiko orotara heldu da

Ezohiko topaketa antolatu zuen ostiral arratsean Baionan Autonomia Eraiki (AE) kolektiboak, bai mahai gainean jarritako gaiarengatik -«Autonomia eta eskumenak»-, bai gonbidatu zituen hizlariengatik. Izan ere, Katalunia, Korsika eta EAEtik jindako ordezkariez gain, joera politiko ezberdinetako tokiko hautetsiak ere bildu zituzten.

p022_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA

Duela bi urte egin zuen AEk lehen foroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan autonomiaren ideia finkatzen joateko xedearekin. «Ekimen pedagogikoa izan zen, autonomia zerbait egingarria dela erakusteko», azaldu zuen Filipe Laskaraik ekitaldia ireki aitzin. Bigarren saio honetan urrats bat gehiago egiteko asmoz, eskumenetan zentratu zuten debatea; «egungoa une oso egokia» delakoan.

Izan ere, lekuko erakundeen erreformaren karietara, Ipar Euskal Herriaren ezagutza instituzionalaren eskakizuna «gero eta hedatuagoa dela eta abertzaleetatik harago» doala deritzote.

Bi kazetari -Allende Boutin eta Jojo Bidart- gidari hartuta ekin zioten hiru ordu eta erdi iraun zuen saioari. Gilles Simeoni Korsikako Asanbleako Femu a Corsica alderdiko hautetsiak, Ipar Kataluniako Joan Ridaura ERCko kideak eta Sabin Intxaurraga EAko ordezkariak beren lurraldeetako eskuduntza politiko eta juridikoen eskarmentua azaldu zuten lehen zatian.

Simeonik gogora ekarri zuen martxoko hauteskundeetan autonomista eta independentisten artean bozen %36 baino gehiago eskuratu zituztela; Sarkozyk aldez aurretik «saldu» zuen ez bezala, Parisen menpean dagoen irlan «nazionalistak marjinalak ez garela» frogatuz. 2003ko erreferendumaren ostean plantan ezarritako Korsikako Asanblearen «eskumen murritzak» agertu zituen. Alta, eskumenok gehiengo politikoaren jokaerarengatik «eskaski egikaritzen» dira, eta, gainera, egindako proposamen bakanak Parisek «ozta-ozta» kontuak hartzen dituela nabarmendu zuen.

Ridaurak azalpen oso pragmatikoa egin zuen. ERCk Kataluniako naziotasunaz gain lurraldearen birbatzea helburu duela argi utzita, bide horretan erakundeek daramaten estrategia agertu zuen. Europar Batasuneko ingurumarian «zer gertatzen den» aztertu ostean, egungo ahalmenekin jorratu daitezkeen bideak jarri dituzte abian 2006. urtetik hona, «mugaz gaindiko elkarlanerako elkargo europar bat» sortuta. Arin eta zehatz, abiatzeko zorian dauden proiektuen berri eman zuen, legeriaren zirrikituak erabiliz arestian aipatutako helburua praktikan oinarritik eraikitzerik badagoela islatuz.

Bere burua EAEko kontseilari ohi, EAko kide eta independentistatzat aurkeztuta, Intxaurragak Euskal Herriko bilakabidea agertu zuen laburki, segidan Gernikako Estatutuaren ezaugarrietan murgiltzeko. Horrela, «nahiz eta Madrilek beti errespetatzen ez dituen», EAEk esparru askotan «eskumen garrantzitsuak» dituela gaineratu zuen. Alabaina, eskuduntza gehiago, «erabakitzeko eskubidea barne», dituen estatutu berriaren premia aldarrikatu zuen. Hori erdiesteko «indar abertzaleen arteko adostasun minimoak eta estrategia bateratuak» behar direla esan zuen. Euskal lurralde bakoitzaren «dinamika eta erritmoak errespetatuz», Europar Batasunaren baitan «estatu propioa» sortzea helburutzat jo zuen, «betiere gehiengoak nahi badu, abertzale eta independentista izan aurretik demokratak garelako».

Ezohiko aniztasuna

Bigarren zatiaren alde nagusia mintzalarien presentzia bera izan zen. Izan ere, Ipar Euskal Herrian ez da batere ohikoa mahai berean Max Brisson (UMP), Jean Jacques Lasserre (MoDem), Alice Leiciagueçahar (Europe Ecologie) eta Alain Iriart (AB) hautetsiak esertzea, are eta gutxiago hizpide zuten gaia kontuan hartzen bada. Sozialisten hutsunea nabaria zen, baina antolatzaileek adierazi zutenaren arabera, «bertaratzeko gonbidapenari uko» egin zioten.

Lehenik, aurretik entzundakoaz bere iritzia azaldu zuen bakoitzak. Orokorrean, ez zuten gauza oso berririk esan. Leiciagueçaharrek, Akitaniako euroeskualde bat baino, Korsikan duten lurralde elkargoaren antzeko zerbait gustukoago zuen. Lasserrek EAEko ahalmen mailari dion inbidia azaldu zuen; «gehiago izateko» eskaerarekiko bere «harridura» adieraziz, halere. ERCko kideak aurkeztutako mugaz gaindiko tresnen erabilera «interesgarritzat» jo zuen. Brissonek, berriz, bere alderdiko zati baten «jokaera jakobinoekin» bat ez datorrela aitortuz, «egungo markoak eskaintzen dituen potentzialtasun guztiak aprobetxatuz eta borondate politikoarekin aurrera egiteko aukerak» azpimarratu zituen. Eta Iriartek, bere «ametsa» independentzia dela adierazi ostean, autonomi estatutu baten bidea aipatu zuen. «Era kolektibo batean marko hau gainditzeko» tokiko erakundeen erreforma baliatzeko komenigarritasuna ere agertu zuen.

Amaitzeko, entzuleen artetik gizarte esparru askotariko eragileek (ekonomia, osasungintza, gizartegintza, lurra...) galderak pausatu zizkieten, eta, hor, debatea dezente katramilatu zen. Gonbidatuen kopurua oparoa eta gaia mamitsua izaki, motz geratu zen gaualdia. Hala eta guztiz ere, Ipar Euskal Herrian lurraldearen ezagutza politiko-administratiboaren auzitik at inor gutxi geratzen dela argi geratu zen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo