GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Aitzakiak eta lehentasunak

Txineraz, krisi hitzak bi ideograma ditu: batak zailtasuna esan nahi du, besteak, aldiz, aukera. Hortaz, laburbilduta, antzinako jakituria txinatarraren arabera krisi-garaia aukera berri eta zabalagoak aurrera eramateko garai egokia ere bada. Teoriak teoria, praktika bestelakoa izan ohi da, eta pairatzen ari garen krisi honi dagokionez, are gehiago.

Izan ere, krisi hau aitzakien aitzakia izaten ari da atzera egiteko. Krisi honen sorreran eta hazkundean esku-hartzerik izan ez dugun herritarron kalterako, gure lan eskubideetan eraginda enpresarien mesederako; ekonomia salbatze aldera lehenik eta behin, badaezpada, gizarte-murrizketei ekiteko, baliabide gutxien duenari edo zaurkortasun handiko egoeran bizi direnei gero eta zailtasun gehiago jarrita, alegia.

Krisi hau kudeatzearen arduradunek ez dute txineraz ulertzen. Politikarien egitekoan ez baita aukera berriak probatzeko asmorik ikusten, ezta euren filosofian funtsezkoa zenari eusteko ausardiarik ere, kritikak isilarazteko atzerapauso koldarrak baizik. Krisia kudeatzeko murrizketen ildotik, Zapaterok Berdintasun Ministerioa desagerrarazi du bere gobernuaren berrantolaketan. Besteak beste, harrotasun eta erabakimenez sortu zutenean ezinbestekotzat jotzen zutena, Berdintasun Legea eta Abortuaren Legea, adibidez, garatzen jardun duena, eta, ondorioz, politikari eskuindarren etengabeko trufa eta kritiken helburu izan dena hasiera-hasieratik. Krisiarekin lortu dute azkenean, lortu du eskuinak gastua murriztu beharraren aitzakiarekin aipatu ministerioa desager dadin, konparatiboki oso kostu txikia zuena, gainera.

Krisia eta dirua aitzakia ezin hobeak izaten ari dira bestelako iritzi eta helburuak estaltzeko. Esaterako, emakumeen eskubideen defentsa eta onarpena ez dagoela euren lehentasunen artean, eta ukitzen gaituzten arazoak eta kontuak ikusgai egiteko eta horiek konpontzeko organismoak ez direla funtsezkoak, alegia, aldaketa ez dela hain premiazkoa. Atzeko ustea hau izanda, ezin gaitezke harritu behin eta berriz halako erakunde eta elkarteen aipua zikintzen jarduten dutenean, artilleria guztia baliatuta. Berdintasuna errealitatea izan dadin eta jendartean emakumeon estatusa eta garapena, eta babesa, areagotzeko eta izan beharko lukeena izanarazteko lan egiten duten guneak, direla ofizialak, direla herrikoiak, ez dira interesgarriak, euren barnean ulertzen duten eta inposatu nahi duten jendarte eredu tradizional eta patriarkala dela-eta.

Harritu eta sumindu egiten gaituena, ordea, bere burua ezkerreko eta sozialistatzat duen alderdi gobernuburuak egiten duena da, hau da, krisia baliatuta promesa guztiak bertan behera uztea, berdintasuna xede sorturiko beharrezko baliabidea kolpe batean ezabatzea, horrek transmititzen duen mezuari muzin eginda, hots, emakumeen babesa eta garapena lehentasunen arteko azkenetarikoa dela, eta, horrenbestez, ezaba daitekeen zerbait, gobernatzen duen alderdiaren uste eta erabakien irmotasuna kolokan jartzeaz gain. Kezkagarria, domino-efektua baitatorkit gogora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo