GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Arregi, Ion Lopez eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategia

Ikus-entzunezko Ondarearen Nazioarteko Eguna

Ikus-entzunezkoen presentzia derrigorrezkoa den mundu honetan, dokumentu hauen digitalizazioak ez ditu soilik desagertzetik salbatzen, ikertzaile eta herritarrek ikus eta iker ditzaten errazten du

Gaur, urriaren 27an, Ikus-entzunezko Ondarearen Nazioarteko Eguna ospatzen du Hezkuntza Zientzia eta Kulturako Nazio Batuen Erakundeak, UNESCOk. Munduko ikus-entzunezko ondarearen kontserbazioaren garrantziaz ohartarazteko ahalegina eta kultura-ondasun hauek (filmak, telebistako edo irratiko dokumentuak, soinu grabazioak, edo bideoak...) dituzten ezaugarri zoragarriak herritarrei hurbiltzea da egun honen helburua. XX. mendetik aurrera, gizakiaren garapen ekonomiko, politiko eta sozialaren lekukotza garrantzitsuak eskaini dituzten tresna berriak izan ditu gizateriak. Ikus-entzunezko tresna hauen garrantzia ukaezina da, hauen kontserbazioak iritzi eta adierazpen askatasuna, informazio eskubidea eta kultura ezberdinen arteko elkar-ezagutza bermatzen du, horren ondorioz eta azken helburu gisa, nazioarteko kooperazioa eta bakea bermatu ditzake. Material hauek askotan gutxietsiak, utziak eta nahita suntsituak izan direlako da garrantzitsua alarma oihu hau botatzea.

Euskadiko Filmategia Estatu espainoleko lehen zinemateka autonomikoa izan zen 1978an sortu zenean. Ordutik, euskal ondare zinematografikoaren ikertze, berreskuratze, artxibatze, kontserbatze, zaharberritze eta proiektatze lanak egin ditu. Gure herriko industria zinematografikoa inoiz ez da ekonomikoki indartsua izan eta ez du inoiz nazioarteko zabalkunde garrantzitsurik izan, eta horrek guztiak ez dio batere mesederik egin filmen kontserbazio politikari. Film batzuk, zinemaren aro mutukoak batez ere, betiko galdu dira eta beste batzuk oraindik desagertuta daude. Hala ere, gorde ditugunak gure artearen onenaren artean daude eta legatu paregabea dira. Eta, noski, gure herriaren historia dira. Marc Ferro-k esan zuen bezala, nahiz eta historikoak ez izan, filmak historia dira; zinemak azaltzen dituen sineskerak, sentimenduak eta asmoak historia direlako. Gainera, obra estetikoak direnez, obra historikoek baino gehiago iraun lezakete historian; adibidez, Montxo Armendarizen «Nafarroako ikazkinak» (1981) eta «Tasio» (1984) filmek gure herrian dagoeneko ia desagertuta dauden bizitza mota bat erakusten digute eta erakutsiko diete etorkizuneko belaunaldiei.

Euskal Herrian arlo honetan azaltzen zaizkigun etorkizuneko erronkak asko dira eta garrantzitsuak gainera. Digitalizazio prozesuak derrigorrezkoak dira material hauen iraunkortasunak beste alde beldurgarri bat duelako: zinema eta ikus-entzunezko materialak jasota dauden formatuen ahultasuna. Denboraren iragana, dokumentu hauetako askorentzat (batzuk bakarrak munduan) etsai indartsuena da, inolako istripurik izan gabe material hauek degradatu egiten direlako. Gure telebista publikoetako kasua izan daiteke azken hau; emisioko milaka eta milaka zinta eta pelikula gordetzen dituzte iraungitze data duten formatuetan. Eta, noski, formatu kimikoetan dauden eta gure kultura eta historiaren adibide ederrak diren filmekin ere gauza bera gertatzen da. Ikus-entzunezkoen presentzia derrigorrezkoa den mundu honetan, dokumentu hauen digitalizazioak ez ditu soilik desagertzetik salbatzen, ikertzaileek eta herritarrek ikus eta iker ditzaten errazten du. 1936ko Gerra hasi zen urte berean, Cinemathèque Française-ren sortzaileetako bat izan zen Henri Langlois-ek, gordetako filmak erakutsi egin behar ziren ideia bultzatzen zuen eta jasotakoa ez ezkutatzearen aldeko deia egiten zuen: hobitik ateratzearen teoria defendatzen zuen, hobiratzearen teoriaren aurrean. Kontserbatu nahi da, lehenbailehen gizarteari gure altxorrak itzuli ahal izateko. Horrek guztiak dirua balio du. Kultura garesti dela jakina da, eta krisi garaietan pertzepzio hori handitu egiten dela dirudi; baina azken batean, garestiagoa da ezjakintasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo