GARA > Idatzia > Euskal Herria

Duranako ikastolaren afera azter dezan eskatu diote Hezkuntza Sailari

Hezkuntza Sailak Durana ikastolako jantokiaren kudeaketa zuzena bere gain hartu eta eguerdiko garraio zerbitzua murriztu duela-eta, Gasteizko Legebiltzarrak egoera azter dezala eta eguerdian bazkaltzera etxera itzuli nahi duen ikasle orori autobus zerbitzua eskaintzeko eskatu dio.

p014_f02_097x124.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA

Gasteizko Legebiltzarrak Ikasbidea ikastolan garraio zerbitzuak izan dituen murrizketen nondik norakoak azter ditzan eskatu dio Lakuako Hezkuntza Sailari. Aurten ikastolan hasi berri diren eta inguruko herrietan bizi diren 300 bat ikaslek ez dute aukerarik eguerdiko autobusa hartu eta etxean bazkaltzeko. Hiriburutik bost bat kilometrora dago Durako ikastola eta Hezkuntza Sailak jantokiaren kudeaketa zuzena bere gain hartu zuenean ezarri zuen neurri hori.

EAJko legebiltzar-taldeak aurkeztutako legez besteko proposamena eztabaidatu eta onartu zen atzo Gasteizko Legebiltzarrean. PPk, Aralarrek eta EAk proposamenaren alde egin zuten. 2000. urteko martxoaren 22an eskola-jantoki publikoak arautzen dituen agindua onartu zen. Agindu horrek dioenez, kudeaketa zuzenaren sisteman parte hartzeko, eskolek berariaz kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzuaren aukera egin eta Sailak antolatu eta finantzatutako eguerdiko garraioari uko egin behar diote.

Hala ere, agindu horrek salbuespenak ere jasotzen ditu eta horietako bat izan zen PSEk izan ezik gainerako alderdiek defendatu zutena. Zentzu horretan, Legebiltzarrak hau eskatu dio Lakuako Hezkuntza Sailari: «Ikasbidea ikastolari, bere kokapen geografikoa dela-eta, 2000ko martxoaren 22ko aginduan aurreikusitako salbuespenezko baimena ematea» eta eskatzen duen ikasle orori eguerdietan garraio zerbitzua erabiltzeko aukera bermatzea, «bere ikas maila eta bizilekua edozein delarik».

Gurasoek banatutako esku orrietan euren testigantzak jaso zituzten. Egungo egoerari erreparatuz gero, besteak beste, 5 eta 7 urteko bi mutikoren amak azaltzen du nagusienak etxean bazkaltzen duela eta txikiak, ordea, ezin duela etxera joan.

elkarretaratzea

Ikasbidea ikastolako gurasoak, kanpoaldean elkarretaratu, eta esku orriak banatu zituzten. 300 ikasle gehiago jantokian bazkaltzera behartu dituztenez, zerbitzuaren kalitateak ere behera egin duela adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo