GARA > Idatzia > Ekonomia

Zuberoako Arüe herrian hamar hektareako lur saila erosteko kanpaina abiatu du GFAM Lurrak

Ainize BUTRON | BAIONA

Heldu den otsailaren 28ra bitartean, 650 zatitan banatuta, 40.000 euro biltzeko asmoa duela azaldu zuen atzo GFA Lurra elkarteak. Etxalderik ez duten nekazariei instalatzen laguntzeko eta Ipar Euskal Herrian laborantza jarduerari eusteko sortu zen 1979an elkartea.

Hogeita hamar urtez, lurra erosteko diru bilketa kanpainak eginez, hamahiru proiektu lagundu dituzte, eta atzo Zuberoako Arüe udalerriko hamar hektarea lur erosteko kanpaina abiatu dutela jakinarazi zuten. Bertan Gamarteko Mathieu Mendizabal gaztea finkatuko da laborari-okin jarduera sustatzeko. Lurrak garia landatzeko baliatu nahi lituzke eta horrekin Gamarten duen tailerrean ogi biologikoa eginen luke.

Ogi ekologikoa

Laborantza biologikoan tokiko barietateak erein, harrizko eiheratik jalgitako irin freskoa landu eta ogi ekologikoa egitea da Mathieu Mendizabalen helburua. «Gaur egun gure ingurunean ez dago ogia egiteko prozesu osoa egiten duen laboraririk», argitu zuen. GFAM Lurrak sostengu ekitaldiak eta proiektuaren aurkezpen bilkurak antolatuko ditu dirua biltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo