GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Lasaitasuna eta itxaropena

Markel Bergara: «Klubak Koparen aldeko apustu sendoa egin nahi du aurten»

p033_f02_222x222.jpg

GARA | DONOSTIA

Deportivoren aurkako garaipenak lasaitasun eta konfiantza handia ekarri du Realaren ingurura. Ligan estutasunik izan gabe, Kopa beti izaten da zaleengan itxaropena eta ilusioa pizteko txapelketa aproposa eta Markel Bergarak atzo prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, klubak aurten Koparen aldeko apustu sendoa egin nahi du, nahiz eta azken urteetako esperientziak ez diren batere onak izan.

«Entrenatzaileak behin eta berriz esaten digu lan ona egin nahi duela; zuzendaritzak ere Koparen aldeko apustua egin duela errepikatu digu, eta azken urteetako ibilbide negatiboa aldatu behar dugu», azaldu zuen elgoibartarrak.

Hala ere, Martin Lasartek ez die oraindik argitu apustu horrek igandero jokatzen dutenekin aritzera bultzatuko duen edota orain arte minuturik gutxien izan dituztenentzat aukera bat izan daitekeen. Markel bera bigarren multzo horretan legoke eta horregatik ez du uste Kopan aritzea «marroi» bat izan daitekeenik. «Nik ahalik eta gehien jokatu nahi dut eta niretzat aukera bat da, denok futbolari sentitu nahi dugu eta ahal bada hasieratik jokatu».

Bide horretan, Deportivoren aurkako partida oso ona izan zen beretzat, batez ere Osasunaren aurkakoarekin alderatzen badugu. Iruñean titular aritzeko aukera izan zuen Bergarak Elustondorekin batera eta askok porrotaren erruduntzat jo zituzten bi euskarriak; astelehenean aldiz, aurkaria Reala estutzen ari zenean eman zion aukera Lasartek eta bere lanak lasaitasuna ekarri zion txuri-urdinen zelai-erdiari. «Aurrekoan egoera zail batean egokitu zitzaidan prentsaren aurrean agertzea eta oraingoan guztiz bestelakoa da dena. Dena dela, badakigu nolakoa den mundu hau, onean dena da goraipamena eta txarrean dena egurra. Bakoitzak objektiboa izan behar du eta bere lanarekiko kritiko jokatu».

Anoetaren babesa

Esperantzarako beste arrazoi bat Anoetaren babesa izan daiteke; bai Markel bai Griezmann oso esker oneko agertu ziren astelehena izanik 22.000 lagun eurei babesa ematera joan izanarekin. «Gure artean horretaz aritu ginen eta uste genuena baino askoz jende gehiago joan zen. Agerian da jendea ondoan dugula eta horrek erakusten du Reala talde handi bat dela».

Euskarriaren patxadaren aurrean, Griezmannek talde guztiek behar duten txinparta eta ausardia eskaintzen dio Realari, bai zelaian bai bertatik kanpo.

Hala, berak gola sartutakoan -Lehen Mailan sartu duen lehena- atletismo pistan zegoen autora ospatzera joan izana prestatuta zuela aitortu zuen atzo prentsaurrekoan. «Asko gustatzen zait halako ospakizunak egitea, ume baten pare jartzen naiz gola egitean eta halakoak irteten zaizkit».

Hurrengorako ere ba omen du zerbait prestatua, baina kontuz ibili beharko du, astelehenean txartela erakutsi baitzioten eta dagoeneko lau baititu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo