GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

ETBren jokabidea pantailan ere sumatzen da

ETBren zuzendaritzak kazetari bati eta erredakzio kontseilari bati irekitako espedientea jokabide baten adierazgarri da. Ezin esan liteke, halere, hedabide publiko bati ez dagokion jokabidea etxe horretan berria denik; izan ere, aldarrikatu izan duen aniztasunaren kontrako jarrerak aspalditik izan dira salaketa gai. Alberto Suriok Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irrati-telebisten ardura hartu zuenetik izan diren bazterketak edo kazetarien lanari alderdikeriaz jarritako oztopoak disimulurik gabekoak eta narrasak dira. Horrelakoak ez dira pantailan ikusten, hartan isla badute ere; baina esandako jokabidearen erakusgarri argi bat bada, ikus-entzuleak egunean-egunean suma dezakeena. Herritar guztien hedabide batek, alegia herritar guztien diruaz ordaindutako hedabide horrek ezker abertzalearen ahotsa entzutea galarazten du beste edozeinek baino temati eta nabarmenago, hedabide guztietan ezker abertzalearen ekimenak eguneroko hizpide diren arren. Haren atzean dauden dozenaka mila euskal herritarrek ordaintzen dituzten zergak baliatuz, beraien adierazpen politikoa isilarazten du. Zalantzarik gabe, ETBren zuzendaritzak ez dihardu espero izatekoa eta eskatzekoa den bezala. Aukera politiko baten kontrako erabateko zentsurari eutsita, Alberto Surio hedabide publiko bateko zuzendari bezala bainoago zentsore handi bezala gogoratua izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo