GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Eibarko frontoia ez zen aitzakia izan orain bi urte

Berasaluze VIII.ak eta Arretxe II.ak partida ikusgarria jokatu zuten Astelenan 2008ko final-zortzirenetan, lehiaketaren ospe ona areagotu duten horietakoa.

p029_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Pablito Berasaluzek eta Iker Arretxek partida erakargarria jokatuko dute datorren astelehenean Eibarren. Erakargarria da, alde batetik, bi pilotarien jokoa ikusgarria izan ohi delako, bizia eta espekulaziorik gabea; eta bestetik, aurkitu dugun aurrekari hurbilenak ere baikortasunerako bidea ematen duelako. Asegarceko pilotariak izaki, ez bata eta ez bestea ez daude ohituta Eibarko Astelenan jokatzera, baina orain bi urte elkarren aurka frontoi horretan jokatutako norgehiagokak ederki asebete zuen harmailetan bildutako ikusleen pilota gosea.

2008ko urriaren 26a zen eta Lau eta Erdiko Txapelketa final-zortzirenetan bete-betean sartuta zen, aurten bezalaxe. Ordubete pasatxoko iraupena eta 318 pilotakada izan zituen partidan, Berasaluzek 22 eta 21 menderatu zuen Arretxe, bide batez final-laurdenetan Titinen aurka jokatzeko txartela eskuratuz. Berriztarrak 16 tanto egin zituen jokoan, beste hiru sakez, eta hiru pilota bakarrik galdu zituen. Luzaidekoak, aldiz, 15 tanto amaitu zituen, sakearekin lortuak beste bi izan ziren, eta hiru akatsekin amaitu zuen partida. Berdinketa ugari, bigarren botean eramandako pilotaren bat... denetik izan zuen neurketak, baina hurrengo egunean egunkarietako kronikek gehien goraipatu zutena Iker Arretxeren defentsa nekaezina izan zen.

Hura gogoan akaso, kezkati azaldu zen Pablito atzo goizeko material aukeraketan. «Nire jokatzeko moduagatik, ez da gehien komeni zaidan pilotalekua. Frontisetik asko irteten da pilota eta airez sartzea ez da batere erraza. Baina badakigu frontoi denetan jokatu behar izaten dela eta hemen ere saiatuko gara onena ematen», aipatu zuen 105,5 eta 106,9 gramoko pilotak hautatu zituen bizkaitarrak. Ez da ahaztu behar aurreko kanporaketan 22-3 menderatu zuela Olazabal.

Iker Arretxe, berriz, pozik zen Eibarren jokatzeko aukera izango duelako: «Oso gutxitan jokatu izan dut hemen eta egia esan oso pozik etortzen naiz. Gogoan daukadan azken aldia orain bi urtekoa da, Zubietaren (22-16 irabazi zuen) eta Berasaluzeren aurka jokatu nuenekoa». Nafarrak, lehen kanporaketan Xala menderatu ostean, 106,1 eta 105,5 gramoko bi pilota aukeratu zituen astelehenerako.

Zerikusirik ez duten pilotak Ederrenan

Patxi Ruizek eta Aritz Lasak oso pilota ezberdinak hautatu zituzten iganderako Urretxun. Atzelariak (105,5 eta 106,7 gr.) bote gehiagoko materiala aukeratu zuen, frontisetik gehiago irteten dena. Aurrelariak, aldiz, behetik ibiltzen den materiala hobetsi zuen (106,3 eta 105,6 gr).

Diaz eta Urrutikoetxea, gazteen lehia Balmasedan

Final-zortzirenetako kanporaketak gaur bertan hasiko dira Balmasedako udal pilotalekuan (23.00, ETB1). Iñigo Diaz nafarra eta Mikel Urrutikoetxea bizkaitarra nor baino nor neurtuko dira lehiaketan bizirik jarraitzen duten bi pilotari gazteenetarikoen arteko deman. Ikusmin handiena sortu duena Mikel Urrutikoetxea da. Zaratamokoak 21 urte besterik ez ditu eta Bigarren Mailako Lau eta Erdikoa irabazi zuen iaz, debuta egin zuenetik sei hilabete ere bete ez zirenean. Aurreko astean Zubieta kanporatu zuen Eibarren (22-12) eta oso aho-zapore gozoa utzi zuen ikusleen artean. Diazen lana ere aipagarria da, 2007an zilarrezko txapela irabazi zuelako eta orain bi aste Asier Olaizola hartu zuelako mendean. Bestalde, Aspek jaialdia antolatu du Elizondon, 17.30ean hasita. Partida nagusian, Irujo eta Laskurain Titinen eta Zubietaren aurka neurtuko dira.

Bigarren Mailako final-laurdenak erabaki dituzte

Cabrerizo II.a / Albisu, Merino II.a / Mendizabal, Idoate / Argote eta Apezetxea / Iza edo Rico IV.a dira Bigarren Mailako Lau eta Erdikoan jokatuko diren final-laurdenak. Finalerdietan ligaxka izango dute eta finala abenduaren 4an jokatuko dute Tolosako Beotibarren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo