GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

OSASUNA Santanderrera doaz nafarrak

Riazorren hasitako bideari jarraipena emateko aukera

Urtarrilean Madrigalen irabazi zutenetik, puntu bakarra lortu dute Iruñetik urrun, orain bi aste Coruñan.

p040_f01_444x444.jpg

 

RACING - OSASUNA

GARA | IRUÑEA

Urtarrilak 31. Hori da Osasunak etxetik kanpo azkenekoz garaipena lortu zuen eguna. Ordutik hona, puntu bakarra lortu dute -orain dela bi aste Riazorren- gorritxoek beren zaleen berotik urrun.

Aukera aproposa dirudi gaurkoak bolada txar horri amaiera emateko. Nafarrek aldapan behera doan aurkaria bisitatuko dute. Racingek azken asteotako jokoa hobetzen ez badu eta ondorioz sor litekeen larritasunak bere lana egiten badu, zelai egokia izango da Santanderrekoa Osasunarentzat. Eta aprobetxatu beharrekoa, aukera obligazio ere bai baita. Hiru besterik ez dira izango lehian egongo diren puntuak, baina garaipenaren eta porrotaren arteko aldea galanta da. Santanderren irabaziz gero, sailkapenaren erdialdean egonkortu daiteke talde nafarra; emaitza kontrakoa bada, berriz, jaitsiera postuetan amai dezake jardunaldia.

Balantza mugitzeko orduan, punteria inoiz baino garrantzitsuagoa izango da, talde bien ezaugarriak kontuan hartuta. Osasunak ez du golik sartu Sadarretik kanpo aurtengo denboraldian, baina gaur bisitatuko duen aurkaria ez da askoz trebeagoa: bost gol besterik ez ditu ospatu Racingek orain arte jokatutako zortzi partidetan.

Horregatik nabarmendu zuen atzo Jose Antonio Camachok hutsegiteek ekar dezaketen zigorra. «Jokalariek jakin behar dute akatsak oso garesti ordaintzen ari garela, eta ahalik eta gutxien egin behar ditugu. Batez ere, gure taldea oso indartsua delako hutsegite horiek egiten ez ditugunean. Aurkariak oso ondo jokatzen badu eta goitik behera menderatzen bagaitu, ez dago ezer esaterik, baina ezin dugu gure akatsengatik galdu».

Gorritxoen entrenatzailearen ustetan, bestetik, Osasunaren ibilbideak ez du ondo islatzen azken asteotan gertatu dena eta, horregatik, baikor helduko da Santanderrera. «Azken bi irteeretan (Espanyol eta Deportivo) irabazteko merezimenduak egin ditugu», gogorarazi zuen. «Baina ez da erraza. Denontzat da zaila etxetik kanpo irabaztea, baina gu orain arte bezala saiatuko gara Santanderren ere».

Malagakoak

Camachok, bestetik, «Ligako» hamaikakoa berreskuratuko du Racingen aurka jokatzeko. Izan ere, ustekaberik ez badago, eta kontuan hartuta Sergio azkenean ezin izan duela deialdian sartu, entrenatzaile murtziarrak Malaga Sadarren gainditu zuten jokalari berberak erabiliko ditu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo