GARA > Idatzia > Ekonomia

Marmoles del Baztan-eko langileek kaleratzeak salatu dituzte Elizondon

p023_f01_148x072.jpg

A.Z. |

Greba mugagabeari ekin diote Oronozko Marmoles del Baztan enpresako langileek, zuzendaritzak langile taldea osatzen duten 32 lagunetatik 17 kaleratzeko asmoa duela agertu ostean, eta, hain zuzen, asmo hori salatzeko manifestazioa egin zuten atzo Elizondoko kaleetan.

Joan den asteazkenean eskaini zuten prentsa agerraldian gogor salatu zuten langileek eraikuntza sektorearen urte onetan produkzio handia izan duela enpresak, langileek lan zama astunak jasan behar izan dituztela eta ondorioz enpresak «dirutza handia» jaso duela. Iaz zazpi langile kaleratu ostean, joan den martxoan, lana gutxitzen hasi zenean, kaleratzeak proposatu zituen enpresak.

Langileak ordea, beste neurri batzuen alde azaldu dira, enpresaren kudeaketan arazo ugari ikusten dituztelako. Langileek azaldu zutenez, kudeaketa arazoak konpontzeko eskatu zioten enpresari, eta honek konpromiso hori hartu, eta idatziz urtebetean inor ez kaleratzeko hitzartu zuten. Baina, «kudeaketa arazoak konpondu ordez, hartu duen neurri bakarra 17 langile kaleratzea izan da», salatu zuten. Ondorioz, «enpresak langileekin konponbide justu bat adostu arte eta kaleratzeen mehatxua atzera botatzen ez duen arte» greban izango direla eta atzokoa bezalako mobilizazioak egiten jarraituko dutela iragarri zuten.

Azkenik, baztandarrak izanik, Baztanen lan eta bizi nahi dutela aldarrikatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo