GARA > Idatzia > Kultura

ENERITZ ZABALETA BERTSOLARIA

«Ezin dut erran `antolatzaile, dei nazazu, ikus nola aritu naizen xapelketan!'»

Eneritz Zabaleta Baionan sortu zen orain 26 urte. Bertsotan bezala ematen dio arrapostu galderari, bitan pentsatu gabe, baina beti ere zorroztasunez eta distiraz pentsatzen duela argi utziz. Anitz hitz egin da berari buruz txapelketa honetan, eta gaur Donibane Lohizunen jokatuko den finaleko protagonistetako bat da.

p040_f01_97x140.jpg

Zuraide ETCHEMENDY | BAIONA

Puntuazioz bigarren sailkatu zara finalean, eta jende anitzen ahotan dabil buruz burukorako kandidatu zarela... zuk nola ikusten duzu?

Egia erran, ni ez naiz batere buruz burukoari beha joanen Donibanerat. Denek dakigu zein bertsolari handi diren bai Amets bai Sustrai. Sustrai gutxiesteko joera dagoela uste dut, baina iaz eta orain bost urte BECen eskaini zuena txapela kentzeko modukoa izan zen. Orain bi urte ere txapela janzteko moduko finala egin zuen Donibanen. Ni guzi honetan berria naiz. Lehen finala izanen dut. Finalaren plaza ezagutzera joanen naiz, eroso sentitzera, eta nire ahotsetik kantatzera. Ez da guti hori dena lortzea, eta horrekin, konforme.

Bi urtetik honat mailan gorakada eman duzu, zein da horren sekretua?

Ez dakit horrelako maila goratzerik izan dudan. Orain bi urte, ez nuen finalean kantatzeko adinakorik egin, eta neurri horretan hedabideen itzalean gelditu nintzen, nolabait errateko. Aurten, agian, argi gehiago dut inguruan eta baldintza horietan jendea zurekin oroitzea errazagoa da. Baina orain bi urte eta aurten, gogo eta ilusio berberaz hartu nuen xapelketa. Bertsolariaren prestaketa onena eguneroko bizitza da. Etengabe zure ahotsaren bila egon behar duzu: `Zer kantatu nahi dut? Nola? Zer daukat errateko gai honi buruz?' Galdera horiek buruan ditugu bertsolariek etengabe, eta bakoitzak bere bidea egiten du erantzunak bilatu ahala.

Bertsoetatik bizitzeko itxaropenik duzu? Hori nahi zenuke?

Nik bertsotan plazer hartu nahi dut. Lehen ere bizi nintzen, eta azaroaren 14tik aitzina bizitzen segituko dut. Euskal Herriko plazetan aritzeak anitz ekarri dit, sekulako aberastasuna izan da. Euskal Herria bere osotasunean, herri eta eskualde desberdinetako errealitateak, herrigintzan ari diren gazteak, zu entzuten egoten den jendea, bere pentsatzeko eta izateko manera... ezagutzeko zantzuak eman dizkit. Aberastasun izigarria da hori dena. Orain, ni ez naiz inor gauzak exijitzen hasteko, eta uste dut tokiz kanpo dagoela `antolatzaile, dei nazazu, begira nola aritu naizen xapelketan!' eta horrelakoak botatzea.

Nola ikusten duzu finala?

Bi gauza ikusten ditut, eta ez dakit zein dudan lehenesten. Batekin hastearren, finala besta handi bat izatea nahi dut. Euskararen besta, bertsoaren besta. Euskaltzale eta bertsozaleen besta. Horrelako hitzorduek ematen digute indar kolpe bat, euskararen herria herri bat badela ikusteko. Baina horrez gain, Donibanekoa bertso plaza bat izanen da eta plaza ederra izatea nahi dut. Bertso onak entzutea, jendea etxera buru xokoan atxikiko dituen bertsoekin itzultzen den horietakoa.

Saio on bat eginez gero, nori eskaini nahi diozu, edo nor ukanen duzu gogoan?

Xapelketan saio onak ez dira eskaintzen, xapela bakarrik eskaintzen da. Ona ala txarra izan, nire saioa entzuleari, jendeari eskainiko diot, harentzako ari baikara, azken finean, bertsolariak. Saioan, aldiz, Donibanen egonen ez diren hainbat pertsonaz oroituko naiz, haiek ere nitaz oroituko diren neurrian. Nik eta haiek ere ongi dakite nori buruz ari naizen, eta nire ahotik ere txoko batean egonen dira.

ENERITZ ZABALETA

BERTSOLARIA

Eneritz Zabaleta Baionan sortu zen orain 26 urte. Bertsotan bezala ematen dio arrapostu galderari, bitan pentsatu gabe, baina beti ere zorroztasunez eta distiraz pentsatzen duela argi utziz. Anitz hitz egin da berari buruz txapelketa honetan, eta gaur Donibane Lohizunen jokatuko den finaleko protagonistetako bat da.

«XXX»... zer plazera izan den!

Aurtengo xapelketak «XXX» leloa ukan du; nahitara edo nahigabe pornografiaren ikur bilakatu den hizkia hautatu zuten antolatzaileek. Bertsularien Lagunak elkarteak 30 urte betetzen zituela profitatuz, lelo horren gibelean gozamenaren aldarriak nabarmendu zituzten, hala nola bertsolariak biluztu egiten direla kantuan ari direnean eta plazera hartu bezala eman ere egiten dutela...

X bakoitzarekin herrialde bat ordezkatu nahi zen, anitzetan entzuten baitira Iparraldea edo Ipar Euskal Herria terminoak, eta hemengo herrialde bakoitzak bere izaera eta bere nortasun propioa dutela nabarmendu nahi zuten. Bide beretik, herrialde bakoitzak bere ordezkariak ukan ditu xapelketan zehar, eta zazpi lapurtar finalean egonen badira ere, baxenabartarrak ibili dira kantuan, eta Xiberoako ordezkarietarik bat finalean izanen da lehen aldiz, Joanes Etxebarria. Ordezkaritza horrek zentzua eman dio xapelketa hiru lurraldetan jokatzeko parioari, hirurak bakarrean bilduak, baina bakoitzak bere ahotsa duela erakutsiz.

Bertsolarien kantatzeko manerak desberdinak izan dira, baina baita haien euskalkiak ere, eta entzuleen belarriek gozatu ederra hartu dute zentzu horretan. Ez dakigu ezarritako helburuak lortu ote dituzten antolatzaileek, baina xapelketa hurbiletik segitu dugunok bertsolarien berriak Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko xoko guztietara hedatu direla baieztatu dezakegu.

Anitz jendek ahotik ahora ibili izan ditu bertsoak eta bertsolarien balentriak. Ezezagunak ezagun bilakatu dira, eta hitzaren artista hauek maitatuak izan dira banan- banan zein osotasunean. Plazera izan da saioetan hainbeste bisaia berri ikustea, hainbeste jende euskara eta kulturarekin elkar loturik, hainbeste euskaldun batera gozatzen, nehongo mugarik gabe!

Aitzineko bi mendeetan bat-batean bertsotan ari izan ziren koblakarien izenak historia liburuetarik atera eta gaur egungoekin batera entzun ahal izan ditugu.

Honela, Etxahun Iruri, Joanes Otxalde, Piarres Halsouet, Mizel Dargaitz, Matxin Irabola, Bordazaharre, Millox eta Piarres Topet Etxahun bezalako izen handiek Amets Arzallus, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Miren Artetxe, Sustrai Colina, Xumai Murua, Ekhi Erremundegi eta Joanes Etxebarria izanen dituzte gaur parez pare, haiei ohore egin eta oroitarazteko gaurko bertsolaritza ez zela ulertu ahalko haiek gabe.

Egungo finala erakusleiho handi bat izanen da, besta kolektiboa, tipiak izanik handiak ere bagarela ulertu eta barneratzeko deia. Donibane Lohizunen idatziko da gure herrien, herrialdeen eta nazioaren historia berri bat. Eta plazer handia izanen da han izaitea!

Z. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo