GARA > Idatzia > Ekonomia

EHNE konfederazioak erakundean jarraitzeko eskatu dio Bizkaiko EHNEri

p025_f01.jpg

A. Z.

EHNE konfederazioan bere parte hartzea etetea erabaki du Bizkaiko EHNEk. Zehazki, pasa den urriaren 31z geroztik konfederaziotik kanpo kokatu dira bizkaitarrak. Halaxe adierazi zuten atzo Gasteizen konfederazioa osatzen duten beste hiru herrialdeetako ordezkariek, Arabakoek, Gipuzkoakoek eta Nafarroakoek alegia.

Bizkaiko EHNEk hartu duen erabakiaren ostean eta «zabaltzen hasiak diren informazioak direla-eta» erabaki zuen konfederazioak atzoko prentsa agerraldia antolatzea. Hala ere, «argi utzi nahi dugu joan-etorri publikoa saihestu eta barne mailan egoera bideratzea dela gure asmoa», adierazi zuten.

Funtsean, sindikatu ereduaren inguruko eztabaida herrialde guztiekin batera garatzeko eskaera luzatu die konfederazioak bizkaitarrei. Hain zuzen, Bizkaiko EHNEk proposatuta «Sindikalgintza bateratu baterantz aurrera egiteko, elikadura subiranotasunaren alde eta herri ikuspuntuarekin» izeneko hausnarketarako txostena jaso zuten arabarrek, gipuzkoarrek eta nafarrek pasa den udan.

Erabakia, ulertzeko zaila

Hori dela eta, «gure artean eztabaidatzeko aukerarik eman gabe sindikalgintza bateraturantz bakardadean» abiatzeko bizkaitarrek hartu duten erabakia ulertzea «oso zaila» egiten zaiela adierazi zuten.

Hala, eta lehen sektoreak bizi duen krisi larriaren aurrean, inoiz baino gehiago indarrak bildu beharra dagoela uste duela adierazi zuen EHNE konfederazioak. Zentzu horretan, Bizkaiko afiliatuei «euren ordezkariek azkarregi hartu duten erabakiaren inguruan gogoeta sakona» egin dezaten eskatu zien. Era berean, sindikalgintza eredua oinarri hartuta, «bat gatoz sindikatu eta nekazaritza ereduaren inguruko hausnarketaren premiaz ari garenean», esan zuten, eta Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako EHNEko ordezkaritzek eztabaida prozesu horretan murgiltzeko «asmo sendoa» dutela adierazi zuten.

Hala, «konfederazioak eskua luzatzen dio Bizkaiari nazio izaerako ereduaren inguruko eztabaidan parte har dezan, erakunde konfederalaren baitan», esan zuten. Azken batean, guztiak nekazaritza eredu beraren alde borrokan ari direla adierazi ostean, elikadura subiranotasunaren alde indarrak metatu beharrean hausturak elikatzeak zentzurik ez duela defendatu zuen konfederazioak. Ondorioz, «sektoreak une latza bizi du, joka dezagun elkarrekin, egoerak eskatzen duen ardurarekin», adierazi zuten.

Bere aldetik, EHNE konfederazioak Bizkaiko EHNEk «erakunde moduan harturiko erabakiari buruz eginiko agerraldi publikoaren aurrean», adierazpenik egingo ez dutela esanez prentsa oharra zabaldu zuten atzo bizkaitarrek, gai hau komunikabideetan eztabaidatzekoa ez dela uste dutela argudiatuta.

«Baserri Bizia» aldizkaria

Oharrean Bizkaiko EHNEk argitaratzen duen «Baserri Bizia» aldizkariaren azken alean euren afiliatuei erabakiaren inguruko informazioa zabaldu zietela ere adierazi zuten, baita bertan esandakoari eusten diotela ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo