GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zigorra betetzear dela izan du Espainiaratze eskaeraren berri Patxi Segurolak

Gose greban 20 egun zeramatzala jakin du Patxi Segurolak bera Espainiaratzeko eskaera dagoela. Bertan behera utzi du ekintza, eta «azken eguneraino» ezer ez diotela esan salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

GARA | DONOSTIA

Patxi Segurola usurbildarrari asteburuan jakinarazi zioten Auzitegi Nazional espainolak egina duela bera espainiaratzeko eskaera; hori dela-eta, larunbatean bertan behera utzi zuen gose greba. Gaur betetzen du Segurolak epaitegi frantsesek jarri zioten zigorra, eta eguna iristean berarekin zer gertatuko zen ez zekienez, gose greba hasi zuen azaroaren 8an. Aurrez, epaitegi frantsesek birritan ezezkoarekin erantzun diote hura Espainiaratzeko eskaerari. Orain, hirugarren eskaera hau aztertu artean, espetxean jarraitu behar du.

Amnistiaren aldeko mugimenduak argitu duenez, behin zigorra betetakoan, Segurola Estatu espainolera kanporatzea edo Estatu frantsesean konfinatzea gerta zitekeen. Kanporatuz gero, indar polizial espainolek atxilotu eta «torturatua izateko arriskuan» zegoela-eta, hori eragozteko, gose grebari ekitea erabaki zuen berak. Errepresioaren aurkako mugimenduak nabarmendu zuen Segurolak Espainiaratze eskaeraren berri izan balu, ez zukeela neurri hori hartuko, «kasu honetan ez dagoelako torturatua izateko arriskurik». Horiek horrela, espetxe politikaren «ankerkeria» salatu zuen amnistiaren aldeko mugimenduak: «Patxik, bere osasuna arriskuan jarriz, kanporaketaren aurka gose greba egin du, eta azken egunetan jakinarazi diote eskaera eginda dagoela». Lehen ere beste hainbat preso politikorekin gauza bera gertatu izan dela azaldu zuten.

Askatasun ilusioa zapuztuz

«Mendekua». Horrekin definitu dute Usurbilen Nahi Ditugu elkartekoek Patxi Segurolari eginikoa. Aurrez, Pariseko epaitegiak euskal presoa entregatzeko oinarri falta argudiatu zuela gogorarazi zuten Usurbilgo bizilagunek; baina, orain, Gobernuen arteko «ditxosozko elkarlana» dela medio, epaile frantsesen «jarrera eta jokamoldeak izugarri gogortu» direla diote.

Usurbildarren hitzetan, Estatu espainolaren «jokaera mendekatzailea» agerian geratu da: «Urte hauek guztiak itxaron ditu maltzur, zelatan, zain, egunak eta urteak pasatzen utziz, azken unean Patxiren eta bere senide eta lagunen bihotzetan sortutako askatasunaren itxaropena eta ilusioa zapuzteko». Gertaturikoak, halere, presoak etxean izateko nahia «berrindartzeko» balio izan diela argitu zuten. Herrian izandako mobilizazioak aipatu zituzten horren erakusle.

Bestalde, euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta dispertsioaren aurka, atzo 20 lagun elkarretaratu ziren Bermeon, 90 Santurtzin, 22 Zaldibian, 22 Ordizian, 19 Ataunen, 7 Euban, 14 Añorgan, 23 Altzan, 23 Bilboko Otxarkoaga auzoan eta 20 Zorrotzan, 27 Pasai San Pedro-Trintxerpen, 14 Zaldibarren, 43 Laudion eta 52 Iurretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo