GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Bonebeltxek eman du ezustekoa Superprestigioan

Patrick Ozafrainen aurka neurtu zen Makeakoa eta dirua doblean atera zen Bankakoaren alde. Faborito izateak ez du esan nahi garaipena lortuko dela, eta azkenean lapurtarrak 39 eta 40 menderatu zuen.

p035_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ezuste galantarekin abiatu da Superprestigioa, izan ere inork gutxik uste baitzuen Ozafrain lehen kanporaketan kalera joango zenik. Lehiaketa hau irabazitakoa da, eta aurten ere faboritoen artean agertzen zen, baina profesionaletara pasatu berri den batek, Bonebeltxek, utzi du bazterrean. Norbaitzuek, gainera, diru franko galduko zuten atzo Donibane Garaziko Garat trinketean, dirua doblean atera baitzen Ozafrainen alde.

Faborito izateak ez du esan nahi irabazi behar denik, eta horixe gertatu zitzaion Ozafraini atzoko partidan, 39 eta 40 galdu baitzuen Bonebeltxen aurka, 84 minutuan pilotan aritu ostean. Partida orekatua izan zen, bi pilotariek oso pilota gutxi galdu zituzten, baina neurketari erritmoa falta izan zitzaion. Amaieran Ozafrainek finitzeko kintzea eskura izan zuen, baina ez zuen asmatu eta Makeako pilotariak ez zion barkatu.

Markagailua honela joan zen: 0-4, 3-7, 9-9, 11-11, 12-12, 14-14, 16-16, 17-17, 18-18, 22-22, 26-25, 28-27, 37-33, 37-37, 38-38, 39-39 eta 39-40. Botetik Ozafrainek 4 kintze egin zituen, eta 10 Bonebeltxek. Jokoan Ozafrainek 29 kintze egin zituen eta 6 galdu eta Bonebeltxek, berriz, 24 egin zituen eta 5 galdu.

Bigarren partidan ere ezustea izan zen, berezkoetara pasatu berri den Jannots landestarrak 39-40 irabazi baitzion Hegiabehere beteranoari. Honek ia amaieran zortzi kintzeko aldea izan zuen, 37-29, baina ez zuen asmatu partida amaitzen, eta Landeskoak neurketa berdindu egin zuen. 39-38 alde zuela ere, Hegiabeherek partida amaitzeko parada ukan zuen, tantoa eskura zuenean huts handia egin baitzuen, eta amaieran Jannotsek ez zuen barkatu.

Neurketak 74 minutu iraun zuen, eta honela joan zen: 5-0, 10-5, 18-18, 18-24, 27-27, 28-28, 29-29, 37-39, 38-38, 39-39 eta 39-40. Saketik zazpina tanto egin zituen bakoitzak, eta Hegiabeherek jokoan 19 kintze egin eta 3 galdu zituen, eta Jannotsek 29 egin eta 13 galdu.

Txapelketa nola jokatuko den ere eman dute jakitera, eta Lemuno izango da aurtengo berrikuntza nagusia. Angelun bizi den kolonbiarra lehen aldiz arituko da lehiaketa honetan. Bera Ipar Euskal Herrian hezi eta hazitakoa da, baina oso gaztetan bakarrik aritu zen trinketean, gero ezker paretan jokatu baitu, eta orain arlo horretan da profesionala. Bera zuzenean sailkatuta dago finalerdietara, Waltari orain arteko txapelduna bezalaxe.

Datorren astelehenean final-zortzirenetako beste bi partida jokatuko dira. Lehenengoan, Kurutxari Etxeberriren aurka neurtuko da, eta bigarrengoan, berriz, Harizmendi Ezkurra II.aren aurka lehiatuko da. Final-laurdenetako bi partidak abenduaren 13an izango dira. Bi neurketa horietako garaileek Lemunoren eta Waltariren aurka abenduaren 20an jokatu beharko dute, eta finala abenduaren 26an izango da. Partida guztiak Donibane Garazin izango dira, Garat trinketean.

Agirre, bikain

Gregori Agirreri frontballa bikain doakio, eta larunbatean Mexikon amaitu den Irekian garbi utzi du hori, finala jokatu baitu. Finalean ezin izan zuen Momo Medina mexikarra gainditu eta bi jokoak galdu zituen 10-3 eta 10-0. Finalerdietan Waltari, faborito nagusia, menderatu zuen 10-1 eta 10-6. Agirrek pasa den urrian Angeluko torneoan ere finala jokatu zuen, baina hura ere galdu egin zuen, orduan Waltariren aurka. Hemendik aurrera Berezkoen Buruz Burukoa prestatu beharko du.

Jannots

Jannots landestarra ere ez zen faboritoa Hegiabehere beteranoaren aurkakoan, baina ia partida osoan zehar gibeletik aritu ostean, 39-40 menderatu zuen lapurtarra.

Lemuno

Lemuno izango da aurtengo Superprestigioko berrikuntza, eta antolatzaileek, gainera, zuzenean sartu dute finalerdietan, Waltari egungo txapelduna bezalaxe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo