GARA > Idatzia > Kultura

ETBko zentsura eta inposaketa babestea egotzi diote Urgelli

Urriaren 25ean ETBko erredakzioan gertatutako «zentsura eta inposaketa saiakeraren» ostean, euren aurkako difamazio kanpaina bultzatzea egotzi zioten atzo ETBko langileek Blanca Urgelli. «Ezin dugu onartu gezurrak esatea eta zintzo ez jokatzea leporatzea», salatu zuten.
p039_f02_148x84.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Badakigu zure karguak EITBko Zuzendaritza babestera behartzen zaituela, haien gestioaren azken erantzukizuna zurea baita. Baina ezin dugu onartu bertsio guztiak aintzat ez hartzea. Are gutxiago, ETBko langileen kontrako difamazio kanpaina bultzatzea, gezurrak esatea eta zintzo ez jokatzea leporatuz», esan zioten atzo ETBko behin-behineko erredakzio kontseiluko kideek Blanca Urgell Kultura sailburuari, langileen batzordeak adostu duen gutun irekian. Bertan, urriaren 25ean ETBko erredakzioan izandako «zentsura eta inposaketa saiakera» salatu zituzten, eta Urgelli jakinarazi zioten «gertaera hau ez dela ez lehena, ez salbuespena izan. Bai, ostera, nabarmenena, etxe honetako langileek euren duintasuna, denak batuta, defendatu dutelako eta tinko eutsi diotelako presioari».

Eskutitzean egun hartan izandako gertakarien xehetasunak azaldu zizkioten Urgelli. Izan ere, langileen esanetan, «EITBko zuzendaritza, bere erantzukizunari heldu ez, eta gezurretan dabil harrezkero. Aldi berean, bertako profesionalen kontrako difamazio kanpaina bati ekin dio eta ideologia eta jarrera politiko jakin batzuekin lotu ditu, haien interesekin bat egitea leporatuta».

Gogorarazi zioten, gainera, «berea ez zen informazioa sinatzeari uko egin zion kazetariari eta Erredakzio Kontseiluaren izenean gertatutakoa zabaldu zuen kazetariari diziplina espediente bana irekiko zietela» jakinarazi ziela ETBko zuzendariak. Azkenean, ohartarazpenak izan dira, «batetik, leporatzen zaienak oinarririk ez daukalako eta inon ere ez dagoelako horrelakorik jasota ETBko Lan Hitzarmenean; eta bestetik, EITBko langileek eginiko presioak bultzatuta».

Egoera inoiz baino okerragoa dela azaldu zuten gutunean. «Sinesgarritasuna eta zintzotasuna dira kazetari baten ondarea, eta hortaz, baita bere lana argitaratzen duen komunikabidearena ere. Kazetariari izen ona kentzea bere komunikabideari kentzea ere bada. ETBko profesional gehienok telebista publikoan garatu dugu gure ibilbide profesionala. Urte asko eman dizkiogu informazioari. Beste zuzendaritza batzuekin ere izan ditugu tirabirak, sakonak batzuetan, baina sekula ez gara iritsi gaur bizi dugun egoerara, horrelako inposaketa eta zigorra jasatera».

«Urgell anderea, errealitatea ezkutatu eta desitxuratzeak arazoak enkistatu egiten ditu eta konponbideak oztopatu. Zuk erabaki behar duzu, nahiago duzun begiak itxi Euskal Telebista Publikoa jasaten ari den egoera honen aurrean edo, ostera, enpresa honen martxa onean interesik handiena dugunoi, ETBko langileoi, entzun. Zeuk erabaki», amaitu zuten.

Abenduaren 13an, Legebiltzarreko EITBren Kontrolerako Batzordean, ELAko eta LABeko ordezkarien agerraldiez gain, Alberto Surio EITBko zuzendariak azalpenak eman beharko ditu gai honen eta azkenaldian sortu diren beste hainbat arazoren gainean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo