GARA > Idatzia > Kultura

Hondarribia, Zestoa eta Zaldibiako udaletako argazki funtsak sareratu ditu Aldundiak

Ariane KAMIO | DONOSTIA

www.guregipuzkoa.net ekimena bere baitan hartzen duen Gipuzkoa 2.0 programak erakunde eta gizarte eragileen arteko elkarlana beharrezkoa du bere helburuak bete nahi baditu. Iazko ekainean, Kutxak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egin zuten moduan, Gipuzkoako Aldundiarekin bat egin dute orain lurraldeko udal batzuek, euren argazki funtsak sareratuta.

Hondarribia, Zestoa eta Zaldibia izan dira euren herrietako argazkiak www.guregipuzkoa. net-en eskuragarri jarri dituzten lehen hiru herriak. Hondarribiko Udalaren 4.978 irudi digitalizatu eta katalogatu dira horretarako, Zestoako 1.205 eta Zaldibiako 1.705.

2010. urtea amaitu aurretik, Aldundiak Beasaingo 9.643 irudi, Oñatiko 16.000 negatibo eta Urnietako 12.275 argazki gehituko ditu webgunean.

Gipuzkoako sei udalerri horien funtsak digitalizatuta, ia 100.000 izango dira Interneteko atari horretan bilduko diren argazkiak, orain arte dagoen kopurua bikoiztuz. Gipuzkoako gainerako Udalen lankidetzarekin, ekimenak 2011. urtean aurrera egingo duela iragarri zuten atzo Aldundiko ordezkariek Donostiako Koldo Mitxelenan egindako aurkezpenean.

www.guregipuzkoa.net-en funtzio nagusia erabiltzaile soilak, argazkilariak, erakunde publikoak zein mota guztietako taldeak iraganean eta orainean sortu dituzten argazkien biltegi eta erakusleiho izatea da, XIX. mendean hartutakoetatik, XXI. mendeko egungo ingurune digitalera arte. Baina oinarrian irudien biltegi soila izatetik harago doan tresna baten hastapena da, erabiltzaileen eta Gipuzkoako Aldundiko Kultura Departamentuaren arteko elkarlanean oinarritutako harreman berriaren isla ere bada-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo