GARA > Idatzia > Kultura

«7 kolore»: zazpi sentimendu eta amets bakarra disko-liburu batean

Hamar urte betetzen direnean Jon Arretxek «7 kolore» liburua argitatu zuenetik -«batzuek esaten didate nire bidaia libururik onena dela»-, idazle polifazetiko honek aspaldiko ametsa gauzatu du: irudiak eta musika batzen dituen proiektua, disko-liburu eder bat alegia.

p040_f01_97x136.jpg

Amaia EREÑAGA | DONOSTIA

Formatu erakargarria oso, portadatik hasita -tapa gogorrei itsatsita «banda sonoratzat» jo daitekeen CDa-; eta, orrialdeak pasa ahala, irakurleak Kristina Fernandezek sinatutako ilustrazio sotilekin, Francisco Ibañezek konposatutako kantuen partiturekin eta Jon Arretxeren testuekin egingo du topo. «7 kolore» (Erein) lanak Gabonetako opari aproposa ematen du, baina Jon Arretxe idazlearentzat, oparia baino «amets bat errealitatea bihurtzea» izan da.

Orain hamar urte argitaratu zuen liburua estimu handian zuela aitortu zuen atzo Basaurikoak, baina harrezkero zapore arraroa gelditu zitzaion «hirugarren zutabea» faltan botatzen zuelako: musika behar zuen. Literaturatik aparte -bidaia liburuak eta, azken garaian, nobela beltza landu du-, Arretxerentzat musikak ere garrantzi handia du. Gizon polifazetiko honek piano ikasketak eginak ditu, baita kantua ere, Bilbo eta Gasteizko kontserbatorioetan.

Azken honetan gauzatu ahal izan dute proiektua: bertako irakasle batzuk «engainatu» omen zituen, Olatz Saitua soprano ezaguna -Arretxeren kantu irakaslea zen- edo Francisco Ibañez konpositorea kasu. Ibañez 1997-2006 tartean Jesus Guridi kontserbatorioko zuzendaria izan zen eta gaur egun bertako irakaslea da. Zinema, antzerkia eta orkestrarako lan ugari eginak ditu, baita musika jaialdietan estreinatu ere, besteak beste, Donostiako Hamabostaldian.

Argitaletxea aurkitu ostean -«pausorik zailena», Arretxeren hitzetan-, proiektua gorpuztu zezaketen. Abiapuntua, «7 kolore» hura, baina orain Arretxek berridatzita. Gaztelaniazko bertsioaz, kanten letrak ere itzuli baitzituzten, Jose Luis Padron arduratu zen.

Kultura anitzetan zazpia zenbaki magikoa denez, zazpi koloretan banatu zuen Arretxek bere bidaietan bizitakoa: beltzetik zurira doan arko kromatikoa; hau da, Mendebaldean heriotza doluan bizitzen da, baina Ekialdean beste modu batera ikusten dute bertako kulturek. Idazleak berak, baxua baita, abesten ditu hasierako eta bukaerako kantok.

Francisco Ibañez Irribarriak adierazi zuenaren arabera, lied doinuak egin ditu; hau da, musika klasikoz jantzi dituzte testuek. «Ez da ez pop-a, ezta kontsumorako musika», esan zuen, astia hartuta disfrutatu behar dena baizik. Grabaketa zuzenean burutu zen, «tranparik gabe», idazlearen hitzetan. Eta nola moldatzen da kantatzen Jon Arretxe? «Ezuste atsegina izan da», konposatzailearen hitzetan.

Iñaki Belasko piano jotzailea, Olatz Saitua sopranoa eta Enrique Campos tenoreak osatzen dute musika taldea. Zuzeneko estreinaldia, Hondarribian izango da, abenduaren 18an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo