GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Eddie Aikau; heroi hawaiiarra oroimenean

Waimeako sorosle eta olatu handietako surflari Eddie Aikau zenaren oroimenez olatu handietako txapelketa bat egiten da.

p048_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Abendua iritsi da eta itsaski ederren garaia da Hawaiin. Ekimen eta txapelketa anitz izaten da sasoi honetan Oahu irlan.

Batetik, ASP zirkuituaren barruan garrantzia handia duen hiru probako zirkuitu txiki bat egiten da, Triple Crown izenekoa. Hiru probak maila gorenekoak dira, izan ere, lehenengo biak Haleiwa eta Sunseten egiten direnak, sei izar prime kategoria dute, alegia WCT zirkuituan kokatu gabe izan daitekeen maila gorenena. Hirugarren txapelketa Pipelinen egiten da. Zirkuitu txiki honetako azken proba izateaz gain, WCT zirkuituko azken proba ere bada eta, beraz, urteko txapelketa garrantzitsuena dela esan daiteke.

Bestalde, ospe handia duen beste txapelketa bat ere bada sasoi berean, Eddie Aikau surflari zenduaren oroimenez egiten den olatu handietako txapelketa: The Quiksilver Big wave Invitational in Memory of Eddie Aikau.

Txapelketa berezia

Txapelketa egun batean egiten da osorik. Abenduaren lehena eta otsailaren 28 artean. Erritualez jositako sarrera ekitaldi batek eman ohi dio hasiera. Txapelketa egiteko ezinbesteko baldintza itsaski handia izatea da, gutxienez 25 oineko (7,5 metro) altuera izango duten olatuak behar dira. Horregatik ez da egin txapelketa urte batzuetan, olatuek gutxieneko altuera hori ez zutelako, alegia.

Lehendabiziko aldiz 1986. urtean egin zen lehiaketa hau eta ordutik soilik zortzi bider bete dira txapelketa egiteko gutxieneko baldintzak. Ezohiko baldintzak dituen txapelketa da honakoa. Izenak berak dioen moduan, soilik gonbidatutako surflariek har dezakete parte txapelketan. 28 gonbidatu eta 24 ordezko izaten dira. Horiez gain, hilda dauden beste zortzi surflari ere aipatzen dira gonbidatu gisa, aparteko zerrenda batean.

Gonbidatuak australiarrak, estatubatuarrak eta batez ere hawaiiarrak izan ohi dira. Hala ere, bada salbuespenik, Ramon Navarro Txileko surflaria esaterako, iaz olatu jaitsiera ikusgarrienaren saria jaso zuena, birritan izan da gonbidatua. Japoniar bat edo beste ere gonbidatua izaten da, baina kasu bakanak izaten dira hauek.

Txapelketa honetan parte hartu duen europar bakarra Ibon Amatriain izan da. 2007 eta 2008. urteetan gonbidatua izan zen, baina urte horietan ez zen txapelketa egin, ez baitzen gutxieneko baldintzarik izan. 2004 urteaz geroztik, ez da txapelketa egin, olatu handirik ez zelako. 2009an, ordea, berriz ere gonbidatua izan zen eta lehiaketa egin ahal izan zen, zortzi metroko altuera zuten olatuei esker.

Ibon munduko olatu handietako surflari ezagunenekin aritu zen lehian Waimeako badian. Aurtengoan, ordea, ez dago gonbidatu europarrik lehiakideen artean.

Eddie Aikau

Hawaiiko Maui irlan jaio zen 1946an, eta 1959an, hamahiru urte zituela, Oahu irlara joan zen bizitzera bere sendiarekin. Han olatu handietako surflari gisa esperientzia handiko gizon egin zen. Jendea izutzen zuten Waimea Bayko uretan lehen soroslea izan zen.

1977an Duke Kahanamoku Invitational Surfing Championship lehiaketa irabazi zuen. 1965etik egiten zen txapelketa hau, Duke Kahanamoku, «surf modernoaren aita», oroitzeko. Sunset Beacheko olatu famatuan egin ohi zen lehiaketa, 1985ean Billabong Pro txapelketak lekukoa hartu zion arte. Ordutik txapelketa antolatzen duten babesleen araberako marka izena hartu izan du txapelketak.

Hawaiiar kultura berreskuratu beharreko ondare gisa zuen Eddiek eta, zentzu horretan, ekimen ugaritan parte hartu zuen. Antzina Polinesiako biztanleek Hawaiiko irletara joateko egin zuten ibilbidea berreskuratu nahian espedizio bat antolatu zuten 1978an.

Hawaiitik abiatu eta Tahitiko irletara iristea zuen helburu bidaiak. Bidaia hartako partaideetako bat izateko hautatua izan zen Eddie.

Antzinako itsasgizonek bezala, hokulea bat eraiki zuten, 18 metroko luzera zuen kanoa edo katamaran antzeko bat. Itsaso zabalean zirela, ordea, ez zuten eguraldia lagun izan. Gaua heltzean, itsasoa gero eta zakarragoa zen eta olatu handiek urez betetzen zuten kanoaren barnealdea. Eddiek eta bidaideek ahal zuten guztia egin zuten kanoa ur azalean mantentzeko, baina azkenean irauli egin zen. Zer egin ez zekitela, Eddiek bere burua eskaini zuen laguntza bila joateko, Molokaiko irla oso urrun ez zegoelakoan. Kanoaren hondakinetan geratu zirenek laguntza jaso zuten, Eddik helburua lortu zuela pentsatuta, baina ez zen horrela izan, laguntza bestela jaso zuten, inork abisurik eman gabe. Eddie bidean desagertu zen.

Surflari zenduak

Aurten Andy Irons gehitu dute azken urteetako hildako gonbidatuen zerrendan eta, orain, denera bederatzi dira, Eddirekin batera, txapelketan omentzen dituzten hildako surflarien izenak. Mark Foo, Donny Solomon, Jay Moriarity, Lester Falatea, Peter Davi, Tiger Espere eta Todd Chesser dira zerrendako gainerako surflariak.

Mark Foo 1994ko abenduaren 23an hil zen Kalifornian, Mavericseko olatu batean erori ostean. Erorketa irudietan hartu zuten eta hainbat filmetan ikus daiteke. Foo surflari profesionala zen; Singapurren jaio arren, Hawaiira joan zen bizitzera eta han jaso zuen olatu handietarako zaletasuna. Urte batzuetan surflari profesional gisa jardun ostean, txapelketak albo batera utzi zituen olatu handietan aritzeko.

Donny Solomon kaliforniarra, Ventura herriko surflari ezaguna zen. 1995eko abenduaren 23an hil zen Waimeako olatu erraldoietan, Mark Foo hil eta urtebetera, egun eta ordu berean. Gurutze gorriko boluntarioa zenez, urtero erakunde hau arduratzen da bere oroimenez egiten den txapelketa bat antolatzeaz.

Jay Moriarity, Santa Cruzeko surflari kaliforniarra hau ere. 16 urte besterik ez zituela olatu erraldoi batean erortzen agertu zen «Surfer» aldizkariko argazki batean eta horrek egin zuen famatu, baina ez zen olatu handietan hil. 2001eko ekainaren 15ean aurkitu zuten bere 22 urteko gorpua, Maldivetako uretan, surf taula ondoan zuela.

Lester Falatea hawaiiarra ezaguna zen, ohol handi batekin Pipelineko olatuan surf egiten zuen gutxietakoa baitzen. 2008ko irailaren 10ean hil zen, 37 urte zituela, bihotzeko gaitz baten ondorioz.

Peter Davi kaliforniarra 45 urterekin zendu zen, 2007ko abenduaren 4an. Ohauko irlako muinoen parean surf egiten ari zela olatu handiek atzeman zuten eta txikota hautsi zitzaion. Laguntzera gerturatu zen kideak bere gorpua ur azalean flotatzen ikusi zuen. Konortea galdua zuen eta buruan kolpea ere bazuen. Hondartzara atera bezain laster, oxigenoa jarri eta berpizte ariketak egin zizkioten, baina berandu zen jada.

Tiger Espere hawaiiarra zen. Sorosle izana zen Waimeako badian. Hawaiiar kultura babesten zuen eta olatu handietako surfa maite zuen. 2005eko uztailaren 22an, 59 urte zituela hil zen minbiziak jota, Oahuko Queens ospitalean.

Todd Chesser 28 urteko surflaria, North Shoreko kanpoaldeko arrezifeetan hil zen 1997ko otsailaren 13an, Outside Alligators leku arriskutsuan. «In gods Hands» filmeko irudiak hartzen ari ziren handik gertu, Jaws olatu ezagunean. Olatu serie handi batek azpian harrapatu zuen eta konortea galdu ostean hil zen.

baldintzak

Abenduaren lehena eta otsailaren 28 artean egiten da txapelketa, egun bakar batean. Ezinbesteko baldintza itsaski handia izatea da: gutxienez 25 oineko (7,5 metro) altuera duten olatuak behar dira.

eddie aikau

Hawaiiko irletara joateko egin zuten ibilbidea berreskuratu nahian espedizio bat antolatu zuten 1978an. Hawaiitik abiatu eta Tahitiko irletara iristea zuen helburu bidaiak. «Hokulea» bat eraiki zuten,18 metroko luzera zuen kanoa. Bidaia hartan desagertu zen Eddie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo