GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

«Dolar» izena

Surflari ernegatua

Mota askotako txapelketak aurkezten zaizkigu, izen anitzekin, denak zein baino zein autentikoagoak. Hildako norbaiten omenez egindakoak, olatu handietan, leku arraroetan, gauez eta abar.

Ez da erraza jendearen arreta bereganatzea, jada denetarik egin baita. Baliabide erabilietakoena kutsu sentimentala baliatzea da, hildako norbaiten izena dela, garai bateko espiritua dela, edo dena delakoa dela. Edozein aitzakiak balio du jendea erakartzeko. Izan ere, formatua edonolakoa dela ere, ekimen guztiek dute babesle bat, denek daukate marka izen bat, «dolar» izena.

Aurkezpen kartelek ezkontza gonbidapen baten antza izaten dute. Letra lodi handietan kontu korronte zenbakia ageri da; behean, txiki eta hizki larriz, ezkontzan parte hartzeko gonbidapena.

Berdin gertatzen da mota guztietako txapelketekin. Lehendabizi, antolatzailearen marka izena agertzen da, hizki handiz, ondo ikusteko moduan, eta gero noren oroimenez egiten den txapelketa edo dena delakoa. Hurrenkera hau, garbi ikusten ez denean ere horrela da, markarik gabe ez baitago iragarkirik.

Giro ona, errespetua, zenbait balio eta naturarekiko maitasuna irudikatu nahi dira. Sinbolo bat hartu eta jendea erakartzeko moduan, mezu bihurtzen da. Eddie, esaterako, errespetuaren, apaltasunaren, zaletasunaren eta maitasunaren ikurra zela diote bere omenez egiten den txapelketaren antolatzaileek. Halako txapelketak duen arrakasta izango al luke banatzen dituzten 98.000 dolarreko dirusaririk gabe?

Nola izango da txapelketa bat benetan errespetuzkoa, marka izena badu?

Hildakoen izenak erabil ditzakete, haien historia eta historia orokorra nahi duten gisan aurkeztu. Agian, lan ona egingo dute, borondate onarekin, dudarik ez da, baina babesle potentzial batek antolatzen duen artean, helburua, diotena diotela, gehiago saltzea da.

Horra surfaren benetako espiritua, espiritu protestantea: Egin dirua barra-barra, jainkoaren begietara seinale ona da eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo