GARA > Idatzia > Kultura

«Iduzkilore» DVDa kaleratu du Lapurdi 1609-2009 elkarteak, «gertakari lazgarrien oroimenez»

«Ïduzkilore» antzezlana hainbat herritan aurkeztua dute, eta martxoa eta apirila bitartean izango dira azken emanaldiak. Antzezlana DVD batean plazaratu berri du Lapurdi 1609-2009 elkarteak.

p042_f01_148x92.jpg

p042_f02_96x96.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Herri guztiek historia eta memoria kolektiboa zaintzen dute. Historia irabazleek beraien erara idazten dute, eta gure historia folklorizatzen saiatu dira. Guk egia erratea izan dugu xede», nabarmendu zuen Michel Mendiboure Lapurdi 1609-2009 elkarteko ordezkariak. Urtebete eta erdiz, inkisizio garaian izandako gertakari latzei buruzko informazioa zabalduz hitzaldi, erakusketa, eta ekitaldiak antolatzen aritu ondoren, elkartearen ibilbide luzeari atzo eman zioten amaiera «Iduzkilore» izeneko DVDaren aurkezpen ekitaldia eginez. Baionan Kutxa banketxearen egoitza baliatu zuten horretarako, «egitarau osoan lagundu» baitu erakundeak.

«Egia historikoa» berreskuratu nahian, Lapurdi 1609-2009 Lapurdiko hainbat herritan bederatzi hitzaldi, inkisizioari buruzko erakusketa, eta «Iduzkilore» antzerkia antolatu dituzte. Horretaz gain, Senpereko jauregiaren aitzinean 1609an izandako «gertakari lazgarrien oroimenez» Nestor Basterretxearen eskultura jarri zuten.

DVDa salgai

Manex Fuchek eta Mixel Jorajuriak gorpuztu duten antzezlana izan da «Iduzkilore», Lapurdi 1609-2009 elkartearen azken proiektua. Obra hainbat herritan aurkeztu ondoren, Kanalduderen laguntzarekin DVDan eman dute. Atzoko aurkezpenean aktoreak ere bertan zirela-eta, «esperientzia ederra» goraipatzeaz gain, berrestearen xedea azaldu zuten.

Hamar aldiz eskainia izan da «Iduzkilore» ikusgarria, eta, martxoa eta apirila bitartean eskainiko dituzten bost emanaldiak izanen dira azkenak. «Orotara, bi mila inguru ikusle elkartu ditu antzezlanak. DVDa liburu-dendetan salgai izango da», argitu zuen Mendibourek.

Atzoko ekitaldia egitasmoan parte hartu duten guztiak omentzeko baliatu zuen elkarteak. Egina izan den lana liburu batean ere bildu dutela jakinarazi zuten. «Ekitaldi ugari izan da, baina, hitzak aireak eramaten dituenez atera den informazio gehiena liburuan bildu dugu», esanez bukatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo