GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Aurrelariak gihar-haustura du bizeps femoralean

Hilabete egon liteke Pandiani zelaietatik kanpo

Damiarentzat, aldiz, erronka da taldera bueltatzea, maila bera eman nahi baitu lesioa ondoren.

GARA | IRUÑEA

Jakina zen Walter Pandianik ezin izango zuela ziur aski bihar Zaragozaren aurka jokatu, baina arazoa bezperan uste baino larriagoa dela jakinarazi zuen atzo talde nafarrak. Izan ere, aurrelari uruguaitarra hilabete egon liteke futbol-zelaietatik kanpo, gihar-haustura baten ondorioz.

Iragan denboraldian Osasunako goleatzaile nagusia izandakoak lehen graduko zuntz-haustura du bizeps femoralean. Aurrelariak ez du aurten zortea bere alde, zelaietatik kanpo denbora gehiago pasa baitu barruan baino. Hala, duela gutxi Ligako sei partida galdu ditu eskuin bikian eta ezker izterrean izandako haustura txiki bategatik.

Behin lesio bikoitz hori osatuta, duela hiru jardunaldi berragertu zen. Athleticen eta Bartzelonaren aurka aulkian hasi zituen neurketak, eta Valentziaren kontrako lehian hamaikakora bueltatu zen. Hala ere, lehenago utzi behar izan zuen zelaia, gihar arazo batzuengatik.

Pandianiz gain, Jose Antonio Camachok beste buruhauste batzuk dauzka biharko. Izan ere, Javier Camuñas eta Ruper erdilariek lesionatuta jarraitzen dute. Entrenatzaileak ez zuen hasierako hamaikakoari buruzko pistarik eman atzoko lan-saioan, baina aipatzekoa da Arandak Pandianiren tokia hartuko duela aurrean eta Damiak gauza bera egingo duela eskuin hegalean, Nelsonen ordez.

Intentsitate handiko lehia

Damiak berak hitz egin zuen atzoko prentsaurrekoan. Katalanaren ustez, «erronka bat da taldera itzultzea. Hori entrenatzailearen erabakia da, eta nire txanda iristen bada, orain arte egin dudan maila berean egitea espero dut».

Arlo pertsonala alde batera utzi, eta taldeari buruz mintzatu zen atzelaria. Nahiz eta denbora gutxi daraman Iruñean, oso ondo daki Zaragozaren aurkako neurketak intentsitate handiz jokatzen direla beti: «Derbi baten modukoa da eta borrokarako prest egongo gara».

Biharko aurkariek duten arriskuaz ere jabetu zen. Izan ere, «goian jokalari interesgarriak dituzte, behean daude egindako akatsengatik, eta mina egiten eta euren aukerak gutxitzen saiatu behar dugu».

entrenamendua

Osasunako jokalariek azken entrenamendua egingo dute gaur bertan, 10.30ean, Taxoaren. Amaitzerakoan, Zaragozaren aurkako neurketarako deialdia emango du Camachok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo