GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Biarritzek egitekoak ongi bete ditu bigarrengoan

Zuri-gorriek hasieratik erakutsi nahi izan zuten pasa den asteko porrota istripu bat besterik ez zela izan.

BIARRITZ 34

AIRONI 3

Jon LEUNDA

Oraingoan Biarritzek ez du hutsik egin, eta egin beharrekoak ongi egin ditu, garaipenak ematen dituen lau puntuak eta erasoko puntua batuz. Horixe zen atzo talde zuri-gorriak egin behar zuena, bost puntu batu, alegia, eta oraingoan Jean Michel Gonzalezek entrenatzen dituen mutilek ez zuten kale egin.

Pasa den astean ustekabean hartutako porrotaren ondoren, atzo lehen minututik atera ziren erasora, eta emaitza ere berehala hasi zen mugitzen, etxekoak 22-0 aurretik baitziren 22. minuturako.

Lehen minutu horietan sekulako erritmoa jarri zuen talde lapurtarrak eta markagailuan alde nabarmena zuela ikusi zuenean erritmoa apur bat lasaitu zuen. Bigarren zatiaren hasiera ere sekulako abiadan egin zuten, eta 34-0 aurretik jarri ziren, lau entseguak ere lortuz. Hortaz, dena egin samarra ikusten zuten, garaipena seguru samar zuten, eta erasoko puntua ere batuta zuten.

Hortik aurrera, jokoa lasaitu eta baloia edukitzen saiatu ziren, italiarrek ere ez baitzuten asko estutzen, eta Biarritzek minutuak pasatzen utzi zituen, gauzak zeuden bezala ongi baitzeuden. Aironik zigor-kolpe bat gauzatu zuen, baina horrek markagailua apur bat itxuratzeko, beste ezertarako ez zuen balioa izan. Gaur jokatuko da Bath eta Ulsterren arteko neurketa, multzoko beste partida, 13.00- etatik aurrera. Hor gertatzen dena gertatu ere, lapurtarrek sailkapeneko lehen postuan jarraituko dute, amaitzeko bi jardunaldi falta direnean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo