GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Begiradak, iheserako bide

Ezin hitzez bere begietan irakur zitekeen hori deskribatu; horretarako hitzik egokienak topatuta ere nekez sentiaraz daitekeelako bere begiradak eragiten zuen zirrara.

Alabei eman nahi izan zien hitza, berak ere sentitzen zuen hori azaltzeko hitzik egokirik topatzen ez zuelako, segur aski. Haiek kontatu zidaten, medikuak hala esan zielako, hiltzat zuten anaiak, horrenbeste urte pasata, barrunbeak eta bizimoduak aldatu zizkiela; haren arrastoak hilerrian topatu ez izanak eta antzeko kasu aldrebesen berri izateak iragana biziberritu diela, ezagutzen ez duten hori ezagutzeko irrika itogarria eragin diela.

Jaso direlako eta aurrerantzean ere jasoko direlako seguruenik, kasu zehatz honetan edota gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari den «haurren lapurretaren» arazoan baino, uzkurtuta utzi ninduen begiradan erreparatu nahi dut ordea; istant bakar batean horrenbeste ideia, sentimendu eta bizipen transmititzen jakin zuen horretan, hitzik esan gabe apenas.

Esanahiez betetako begi pare asko etorri zitzaizkidan burura hizketaldia amaitutakoan; begi eta ahoz poztasuna ezkutatu ezin dezaketen haurrena; maitemindu eta apenas arnasa hartu ezingo balute bezala hainbatek agertzen dituzten zorabio begiak; traizio egin duenaren begirada irristakorra; hutsuneak bete ezinda goibeltzen diren begiak, goibelduko direnak. Zenbat gauza esaten ez digute irakatsi; eta, jakin ezta ere; esan beharrean gertatzen gara, hustu beharrean. Begiak horretan ihesbide.

Ez luke zertan akaso, baina Eguberri egun hauen inguruan sumatzen dira maiz hutsuneak sakon; arrazoi bat edo bestea dela tarteko, mahaiaren bueltan eseri ezin duten horiena; hitzik esan ez arren, begiradetan sumatzen da zuloa, haien falta. «Beste urte batez ere, ez dago, han dute», diote ahopeka begiek mahai buelta askotan. Tartean, ordea, hark ere ihesi, keinuka azaltzen da «ia hurrengo urtean gure artean aske dugun» itxaropentsua, desiratua, behin eta berriz eskatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo