GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Mujikak eta Otaegik azken aukera dute

Jon LEUNDA

Urteko azkeneko egunak urteroko zita izango du gaurkoan ere Asteasun, Urrezko Aizkorako eta Zilarrezko Aizkorako saio banarekin. Aurtengoan, aldiz, ez da Inaxio Perurena harri-jasotzailearen marka saiakerarik izango.

Aizkolarien bi saio ikusi ahal izango dira, ikusgarriak eta dotoreak iragartzen diren bi saio. Maila nagusian, Arria eta Rekondo Mujikaren eta Otaegiren aurka lehiatuko dira. Azken horiek ez dute beste aukerarik izango. Lehen neurketa galdu egin zuten Nazabalen eta Jauregiren aurka, eta gaur 17.00etatik aurrera jokatuko den ekinaldia galtzen baldin badute, akabo beraien aukerak.

Arriarentzat eta Rekondorentzat, berriz, lehen saioa izango da. Adituen ustez multzoko faboritoak omen dira, baina hori plazan erakutsi beharko dute. Horretarako gaur irabazi egin behar dute, bestela dena azkeneko ekinaldian erabakiko baita.

Bigarren Mailakoan, Zaldua eta Alkizalete II.a Dorronsororen eta Mugertza III.aren aurka lehiatuko dira. Jokin Alkizalete asteasuarra izango da lehian, urte honetan lan bikaina egin duen Zalduarekin bat eginda. Aurrez aurre, aldiz, oso biko arriskutsua izango dute, Dorronsorok eta Mugertzak biko aparta osatzen baitute.

Landazabal

Landazabalen idiek eraman dituzte Euskal Herriko Txapelketako mantak. Astelehen gauean Gatikan jokatutako finalean markarik onena egin zuten, ordu erdian 49 untze, hiru laurden eta 6,54 metro eginda. Bere atzetik, bigarren postuan, Biorenabarriren idiak sailkatu ziren 47 untze eginda, eta, hirugarren postuan, berriz, Contrucciones Ugarteren uztarria sailkatu zen 45 untze, erdi eta 1,27 metrorekin. Final honetan, pasa den urteko hiru uztarririk onenak lehiatu dira, horiek lortu baitzuten azkeneko ekinaldi honetan aritzeko txartela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo